Urrezko Danborrerako proposamenak egiteko epea ireki dute
Hilaren 17ra arte egongo da zabalik Urrezko Danborrerako proposamenak aurkezteko epea, eta Donostiako herritarrek, elkarteek, fundazioek eta kirol elkarteek ahal izango dituzte proposamenak egin. Bakoitzak proposamen bakarra egin dezake, eta udalaren webgunearen bitartez edo Herri Partaidetzako Easoko bulegoan egin daitezke proposamenak.
Udaleko Idazkaritza Orokorrak eta Herri Partaidetza zerbitzuak proposamenak aurkeztuko dituzte hilaren 18tik 27ra, eta txostenak Bozeramaileen Batzordera bidaliko dituzte. Ondoren, azaroaren 28tik abenduaren 3ra proposamenen artetik hiru hautagai hautatuko ditu batzorde horrek, eta hautagaietakoren batek gehiengo berezia –udalbatzaren ordezkaritza ponderatuaren hiru herenen babesa– lortuko balu, Urrezko Danborra eman ahalko liokete.
Gehiengo berezi hori lortuko ez balitz, ordea, herritarrek aukeratuko lukete aurtengo Urrezko Danborra abenduaren 9tik 15era, boto bidez. 16 urtetik gorako Donostian erroldatutako herritarrek ahal izango dute botoa eman, udalaren webgunean edo Altzako, Easoko, Morlansko eta udaletxeko Udalinfo bulegoetan. Abenduaren 16an jakinaraziko luke udalak hautagaitza saritua, eta hilabete bukaerako udalbatzarrean berretsiko lukete.