Baserritarren egoera ahalik eta azkarren konpontzea espero du udalak
Hiru egunez Bretxan postua ez jartzeak kalte ekonomikoa eragingo die baserritarrei. Eneko Goia alkateak esan du ez dutela baztertzen neurriren bat hartzea.
Asteburuko haize boladen erruz posturik gabe geratu dira Bretxako baserritarrak. Asteartean berriz jarri ahal izango zirela aurreratu zuen udalak, eta azkenik, ostegunerako egongo da prest postu guztiak babestuko dituen karpa berri eta handiagoa.
Hiru egunez Bretxan postua ez jartzeak kalte ekonomikoa eragingo die baserritarrei. Eneko Goia alkateak esan du ez dutela baztertzen neurriren bat hartzea. “Horretarako, aseguruak daudela pentsatzen dut”. Denboraleak eragindako kaltearen aurrean, “errua” ez dela inorena gaineratu du. “Eguraldi txarraren ondorio bat da, hiriko beste hainbat lekutan gertatu den bezala”.
Ostegunetik aurrera baserritarrek postua “normaltasunez” jartzea espero du Goiak. Era berean, nabarmendu du baserritarren postuen egungo kokapena “behin-behinekoa” dela, eta Bretxa berritzean Arkuak eraikinaren atzealdean egongo direla.
Baserritarrek hainbatetan adierazi dute ez dutela postu berri horien ezaugarrien berri. “Askotan esan dugu nolakoak izango diren. Dakidanez, Arkuak eraikinaren atzeko paretatik egitura batzuk atera eta gorde ahal izango dira postuak jartzeko. Plazako lurretik ere egitura batzuk atera eta gorde ahal izango dira egitura osoa eratzeko”, azaldu du alkateak. Lehen aldia da horrelako xehetasunak ematen dituela.