Guardetxea kudeatzeko lehiaketa publikoa prestatzen ari da udala
Banda Bat kultur elkarteari udalak egindako lagapena udan bukatu zen. Elkarteak ohar baten bidez jakinarazi du lehiaketara berriz ere aurkezteko asmoa duela.
Urgulleko Guardetxea itxita dago, eta Donostiako Udala eraikinaren erabileraren inguruko lehiaketa publikoa prestatzen ari da. Izan ere, Banda Bat kultur elkarteari udalak egindako lagapena udan bukatu zen. Elkarteak ohar baten bidez jakinarazi du lehiaketara berriz ere aurkezteko asmoa duela.
Une honetan udala lan batzuk egiten ari da Guardetxean, baina aurrekontuak onartuta daudela dio elkarteak. “Itxita egon arren lanean jarraitzen dugu: udaleko gazteria sailarekin harremanetan, lehiaketara aurkezteko gauzak prestatzen, gure proiektuaren ikuspegia lantzen…”. Guardetxeko batzarrek orain arte bezala jarraitu nahi du, “proiektua eguneratzeko prozesuan, askotariko arte eta kultur sorkuntza bultzatzen, behetik eraikia dena lehenesten eta denontzat irekia den espazio batean lan egiten”.
Gogotsu daude Guardetxean sinesten duten jendearekin “indarrak batu eta espazioa berpizteko”. Hori dela eta, igandetako batzar irekiak berreskuratuko dituzte. Hilero hirugarren igandean izango dira 17:00etan. Hurrengoa hilaren 17an izango da.