Trenez egindako bidaia baten paranoiak
‘Ventajas de viajar en tren’
Zuzendaria: Aritz Moreno
Urtea: 2019
Herrialdea: Euskal Herria
Aritz Morenoren opera prima izan da Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 30. Asteari amaiera emateko film arduraduna. Zuzendari donostiarraren ibilbidea gertutik jarraitu dugu aspalditik, bere bideoklipak, publizitate lanak eta film laburrak arrakastatsuak suertatu baitira beti [zinemaldi askotan hautatuak eta sarituak izan diren Cotton Candy (2009), Bucle (2011) eta Colera (2013), esaterako, Vimeo plataforman daude ikusgai]. Horri esker lortu du Morenok anbizio handiko proiektu hau aurrera ateratzea, Ventajas de viajar en tren izena duen fikziozko thriller konspiranoiko sailkaezin hau.
Filma Antonio Orejudoren izen bereko eleberrian oinarrituta dago eta Morenoren hitzetan, «errealitate bihurtutako ametsa da gogokoen dudan nobeletako bat moldatu izana». Istorioaren abiapuntua trenean Helga Pato editore gazteari ezezagun batek egingo dion galdera da: Nire bizitza kontatzea nahi? Horrela, Angel Sanagustinek, nortasun nahasmenduan aditua den psikiatrak, zaborrarekin obsesionatuta dagoen gaixo paranoiko eta arriskutsu baten kasua kontatuko dio. Ezagutzen duen kasu kliniko okerrena, zalantza izpirik gabe! Baina istorio bitxi horretan ezer ez da dirudiena, eta, egia bilatu nahian, beste hainbat istorio eldarniozko ezagutuko ditugu, gero eta eroagoak. Bitartean, gainera, Helgaren iragana ezagutuko dugu ere, ez baita edozein editore; bera ere ero baten biktima izandakoa da.
Hasiera batean, horrelako eleberri korapilatsua nola moldatu ez zekitela aitortu du Leire Apellanizek, filmaren ekoizle nagusiak, trama bakoitzak beste trama asko ezkutatzen baititu barruan: «Aritzek, aldiz, argi zeukan zer kontatu nahi zuen, baita nola egin ere. Horregatik, Javier Gullonekin gidoia egokitzen hasi ginen, babes ekonomikoa lortzeko itxaropenarekin». Bost urte geroago, harro agertzen dira egileak emaitzarekin, ezohiko estruktura duen film bitxi honekin. Lagunen artean eta «etxean» sortutako filma izateak arrakastari mesede egin diola azaldu dute. Morena Films, ibilbide handiko tokiko ekoiztetxeak, hasieratik parte hartu zuen proiektuan, eta kokaleku gehienak inguruan filmatu dituzte, «Murtzia Lasarte da, eta Kosovo, esaterako, Segovian filmatu genuen». Gainera, Javi Agirre argazki zuzendaria ezaguna zuten, baita bere goi malako proposamen bisuala ere. Istorio desberdin guztiak unibertso berean kokatzen ditu elipsiak eta kolore horia nagusituz. Eroen kolorea, hain zuzen.
Pronostiko guztien aurka, eta Morenorengan konfiantza handia ipiniz, ospe handiko aktoreek ere baiezkoa eman zioten proiektuan parte-hartzeari: Luis Tosar, Pilar Castro, Ernesto Alterio, Quim Gutierrez, Belen Cuesta, Macarena Garcia, Javier Godino, Stephanie Magnin, Javier Botet eta Alberto San Juanek, hain zuzen. «Massielek ere baiezkoa emadakoan ezin genuen sinistu», azaldu du lantaldeak. Bai, bai…Eurovision jaialdia irabazi zuen Massiel abeslaria berarena da filmaren abesti nagusia, El amor. Eta Cristobal Tapiak sinatu du soinu banda (Utopia serieko soinu bandaren egile bera).
Ventajas de viajar en tren-en helburu nagusia umore beltzaren bidez ikuslea deseroso sentiaraztea da. Sekuentzia berdina komikoa eta desatsegina suertatu daiteke aldi berean, eta baita amodio istorio bat beldurrezko istorio di-da batean bilakatu ere. Ikusleari irribarrea izoztuko zaio uneoro, azaleratzen dituen edukiak ez baitira edonorentzat. Inoiz imajinatu ez dituzun «filiak» aurkituko dituzu hemen. Morenok luzatutako erronka onartzeko prest? Hala bada, Sitgesko Zinemaldian estreinatu eta Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren astetik igaro ondoren, ostiralean, hilaren 8an, izango duzu ikusgai zinema guztietan.