Baserritarrak izan dira kaltetuenak
Denboraleak Bretxako baserritarren postuak suntsitu zituen, eta hiru egunetan ezin izan dute produkturik saldu. Karpa handiago bat izango dute aurrerantzean.
Ez daude gustura Bretxan postua duten baserritarrak. Pasa den asteburuko ekaitzak nabarmen kaltetu zuen Arrandegi eraikinaren aurreko karpa. Astelehenean hasi ziren konponketa lanekin, eta hasieran, udalak iragarri zuen astearterako berriz ere erabilgarri egongo zirela. Ordea, Bretxako Merkatuaren promotoreak, Abastos enpresak, erabaki zuen karpa handiago eta sendoago bat jartzea. Horrek are gehiago atzeratu du baserritarren jarduna.
Astelehenetik asteazkenera produktuak saldu ezinda geratu dira baserritarrak. Rosi Ormazabal baserritarrarekin hitz egin du Irutxuloko Hitzak. Haize boladek karpa kaltetu ondoren informazioa lortzea kostatu zaiela dio. «Aste honetan jakin dut Abastos enpresa dela gure postuetaz arduratzen dena. Guk, ordea, udalari ordaintzen diogu postua jartzeagatik».
Egunez egun karpa berriaren lanen jarraipena egin dute baserritarrek, eta asteazken arratsaldean bilera bat egin zuten Bretxan. «Postua dugunok elkartu ginen ostegunerako postuak antolatzeko. Karpa berria lehen genuenaren luzera berekoa da, baina zabalagoa. Horrela ere, harri batzuk jarri dituzte lurrean eta postu batzuen mahaiak oztopatzen dituzte; batez ere, bi alboetan kokatuta daudenak», azaldu du Ormazabalek.
Karpa berriarekin ere arazoak izango dituztela aurreikusten dute baserritarrek. «Egitura sendoagoa duela dirudi, baina behar bezala estaltzen ez badute ezingo ditugu gure produktuak behar bezala saldu», esan du Ormazabalek.
Erantzukizuna
Donostiako Udalak ez du baztertzen baserritarrek jasandako galeraren aurrean neurriren bat hartzea. Eneko Goia alkateak adierazi du udalaren borondatea dela baserritarren egoera «ahalik eta azkarren» konpontzea. Nolanahi ere, baserritarren postuen ardura Abastos promotorearena da, eta udala eurekin jarri zen harremanetan irtenbideak aztertzeko.
Denboraleak eragindako kalteen erantzukizunaz galdetuta, alkateak esan du «errua» ez dela inorena. «Eguraldi txarraren ondorio bat da, hiriko beste hainbat lekutan gertatu den bezala». Bestalde, nabarmendu du baserritarren postuen egungo kokapena «behin-behinekoa» dela, eta Bretxa Merkatua berritzean Arkuak eraikinaren atzealdean egongo direla.
Baserritarrek hainbatetan adierazi dute ez dituztela postu berri horien ezaugarri guztiak ezagutzen. Goiak, ordea, uste du udalak «hainbatetan» azaldu duela nolakoak izango diren. «Arkuak eraikinaren atzeko hormatik egitura batzuk atera eta gorde ahal izango dira. Plazako lurretik ere postuentzako mahaiak atera eta sartu ahal izango dira». Proiektuak sistema hidrauliko bat aurreikusten du baserritarren postuetarako, baina ez dago grafikorik.
Udalak eta Abastos promotoreak 2018ko ekainean adostu zuten gaur egun abian den Bretxa Merkatuaren berritzea. Aurkezturiko dokumentuetan Bretxako plazaren grafikoak ageri dira, baina ez dirudi behin-betiko diseinuak izango direnik.
Zortzi hilabete
Sarriegi plaza ondotik Arrandegi aurrera mugitu zituzten baserritarren postuak, eta orduan esan zieten lau hilabeteko kontua izango direla. Ordutik, zortzi hilabete pasa dira eta beste hainbeste izan daitezkeela uste du Ormazabalek. «Epe bat eman ziguten, baina Bretxako lanen prozesua motel doa, eta bagenekien emandako aurreikuspena ez zutela beteko». Karpa berriarekin behin-betiko lekua gero eta urrunago ikusten dute.
«Bretxako lanen arkitekto batekin hitz egin genuen, eta postu berrien ezaugarriak eman zizkigun. Gaur egun, plaza erdian dauden kioskoa eta gozoki denda ere Arkuak eraikinaren atzean kokatuko dituzte. Bakoitza izkina batean egongo da, eta euren postuak estaliak eta finkoak izango dira. Gureak, berriz, horien erdian kokatuko dituzte, eta egunero muntatu zein desmuntatu beharko ditugu», azaldu du Ormazabalek.