Ingurumena zaintzeko erronka
Urtero 30.000 pertsona inguru biltzen duen ekitaldi batek inpaktu ekologiko larria izan dezake ingurumenean, eta arrasto hori ahal bezainbeste murrizteko asmoz, Behobia-Donostiaren antolatzaileek lanketa sakona egiten dute urtero.
Iaz, Donostiako maratoian ateratako argazki batek oihartzun nabarmena izan zuen sare sozialetan, irudian, lasterketaren ibilbidea plastikozko hondakinez gainezka ageri zelako. Zer pentsatua eman zuen, batetik, halako ekitaldi masiboetan sortzen den hondakin kopurua izugarria dela erakusten zuelako, eta bestetik, lasterketaren antolatzaileei zegozkien garbiketa lanak egin gabe zeudelako.
Iñigo Etxeberriak, Behobia-Donostiako zuzendariak, ordea, argazki hura testuingururik gabe zabaldu zela azaldu du, garbiketa zerbitzua ibilbidetik pasatu aurretik egin zela azpimarratuz, eta halako kirol proba guztietan, erakundeetatik antolatzaileak dena behar bezala uztera behartzen dituztela gogoratu du. Hala ere, Behobia-Donostiaren moduko ekitaldi masiboetan sortzen den hondakin kopurua kezkagarria dela onartu du, eta horregatik, eta arazo hori txikitze aldera, lasterketaren antolatzaileek urteak daramatzate ideia berriak aurrera eramaten.
Azken urteetako neurri nabarmenena ibilbideko hornidura puntuetako ur botilak edalontziengatik aldatzea izan dela adierazi du Etxeberriak. Horri esker, hondakinen bolumena murrizteaz gain, milaka botilen garraioa, lasterkariek edaten ez duten ur mordoaren xahutzea eta botilak zapaltzea zekarren arriskua saihestea lortu dute.
Lasterkarien garraio ohiturei dagokienez, lasterketak emaitza onak jasotzen ditu urtero. Izan ere, ibilgailu pribatuen erabilera oso urria da irteerara joaten direnen artean, eta gehiengoak –%62 2016ko datuen arabera– garraio publikoa edo lasterketaren antolakuntzak eskainitako garraio zerbitzua erabiltzen du Behobiara joateko.
Irteeran bada, ordea, urteroko lasterketan errepikatu ohi den beste irudi bat: korrikalariek utzitako arropa pilaketena, alegia. Izan ere, proba hasi baino minutu batzuk lehenago ez hozteko edo euritik babesteko erabiltzen dituzten jantziak albo batera uzten dituzte lasterka hasi bezain pronto.
Antolakuntzatik, ordea, urteak daramatzate kalean abandonaturiko arropa horren berrerabilera sustatzen. Etxeberriak nabarmendu duenez, herritarrak berak dira jasotze lana egiten duten lehenak: ”Kamisetak, jertseak, euritarako pontxoak… Denetarik uzten dute, eta herritarrak jantzi horiek jasotzera joatea ohitura bilakatu da”.
Jasotzen ez denaren ardura, ordea, antolakuntzari dagokio, eta Txingudiko Zerbitzuak-en laguntzarekin, soberan geratutako hondakin horien berrerabilera eta birziklatzea egiten dute: “Aprobetxatu daitekeena aprobetxatu egiten da, eta gainerakoa arropen tratamenduan adituak diren zerbitzuetara bideratzen da”.
Etorkizunari begira, berriz, buruan hainbat erronka dituztela aitortu du Behobia-Donostiako zuzendariak: “Badakigu konpostagarriak dauden edalontzi batzuk garatzen ari direla, eta baita, edalontziak ordezkatzeko asmoz, ahoan desegiten diren ur poltsa batzuk ere sortu dituztela”.
Hala ere, Etxeberria pozik agertu da lasterketak egun ingurumena zaintzeko egiten duen lanarekin: “Kexarako joera dago, eta normala da, baina Euskal Herriko probetan zentzu horretan nahiko ondo gabiltzala esango nuke”.
Lasterkariei dagokienez, berriz, eskaera bat luzatu du: “Mesedez, erabili ditzatela inguruan dituzten zaborrontziak”.