"Protagonismoa harmailak eraman behar du, eta esatariak lagundu egin behar dio, baina ahalik eta gutxien hitz eginez"
Bere aurpegia agian ez, baina bere ahotsa ongi asko ezagutuko lukete bi astean behin Anoetara Reala ikustera doazen milaka zaleek. Jon Odriozolarena estadioko ahotsa da, urteetan zehar megafoniatik talde donostiarraren gol bakoitza gogo biziz oihukatu duena.
Duela zenbat hasi zinen Anoetako esatari gisa lanean?
Joan den igandean 23 urte bete ziren horretan hasi nintzenetik. Urriaren 3an egin nuen debuta, 26 urterekin, Herculesen aurkako partida batean, eta Realak 2 eta 1 irabazi zuen. Realaren golak Idiakezek eta Craioveanuk sartu zituzten, eta Herculesena, berriz, Alfarok. Baina hura ez zen Sevillan jokatu zuen Alfaro bera. Herculesen jokatzen zuenak, gol bat ospatzen zuen aldiro, kamiseta buruan jarri eta azpitik zeraman beste bat erakusten zuen, Rolling Stones taldearen mingainarekin.
Gogoratzen duzu ospakizunak egiten ona izan den beste jokalaririk?
Gogoan ditut Griezmannek egindako ospakizunak. Adibidez, elurretan bota zenekoa edo pistan zegoen autora sartu zenekoa. Hala ere, uste dut gipuzkoarrok ez ditugula beste leku batzuetan egiten dituzten ospakizun ikusgarri horiek egiten. Gogoratzen dut, ordea, Kovacevicek eta Sa Pintok gol bat sartzen zuten aldiro dantzatxo berezi bat egiten zutela.
Eta betiko gorde duzun golen bat?
Bigarren mailara jaitsi aurretik, Reala nahiko larri ibili izan zen zenbait denboralditan, eta testuinguru horretan, partida garrantzitsu bat jokatu genuen Zaragozaren aurka. Markagailuan aurretik jarri ginen arren, kanpokoek berdintzea lortu zuten, baina neurketako azken minutuan, Sa Pintok erdiraketa bat egin eta Lorenek, buruz, garaipenaren gola sartu zuen. Herri Irratiko Iñaki De Mujika oihuka hasi zen irratian, ”Oh capitán, mi capitán!” errepikatuz, eta kabinan geundenok, berriz, egundoko besarkada eman genion elkarri. Azken minutuan irabazten diren partidek xarma berezi bat daukate, eta hura oso garrantzitsua izan zen une horretan.
Zeintzuk dira zuretzat neurketa bateko une berezienak?
Bi dira. Lehena, hamaikakoa botatzeko unea da, harmailak beteta daudenean jokalarien izenak errezitatzea plazer hutsa delako. Eta bestea, nola ez, golak oihukatzeko momentua da. Azken finean, hori da futbol partida bateko ospakizunik handiena.
Eta golik gabeko partida bat, zer da?
Tristura bat. Futbolaren tristura.
Nolakoa da zure kabina horretatik lan egitea?
Nik nire gidoiekin egiten dut lan, eta partidan zehar beti errepikatu behar diren gauzak daude: hamaikakoak, aldaketak, golak… Horrez gain, iragarkiak ere botatzen dira, baina asko aurretik grabatuak dira.
Guztira, kabinan lau pertsona egoten gara lanean, megafoniaz eta estadioko pantailetaz arduratzen. Horri lotuta, gauza bat azpimarratu nahiko nuke. Anoetara doan zaleak jokalariak ikusten ditu, baina estadioan atzeko lan handia egiten duen jende asko dago. Nire kasuan, inguruan ditudan teknikariak gabe, egiten dudan lana hutsaren hurrengoa izango litzateke.
Suziriak botatzen dituena ere hor dago.
Bai, eta ni bezala, Hernanikoa da. Bi hernaniar dira Realaren golak ospatzen dituztenak.
Azkenaldian, zaleek zer ospatua izan dute. Ilusionatzeko moduan gaudela uste duzu?
Bai, noski. Niri Realak etsipen baino poztasun handiagoa eman dit, eta asko gozatzen dut taldearekin. Gipuzkoako haur gehienen modura, nik ere Realeko jokalaria izan nahi nuen. Futbolari gisa nire mugak nituenez, hori ez zen posible izan, baina bestelako bide bat jarraituta, Realera iritsi naiz azkenean, eta oso pozik nago horregatik.
Eta nola iritsi zinen, bada, estadioko megafoniaz arduratzera?
Errebotez izan zen. Garai hartan, esatari lanetara egokitzen ari nintzen irratian, eta tarteka kultura eta kirol arloko elkarrizketa batzuk egiten nituen. Behin, kartingean zebiltzan bi pertsona elkarrizketatu nituen, eta zenbait egunetara, horietako batek telefonoz deitu zidan. Nirekin hitz egin nahi zuen, eta taberna batean elkartu ginen. Kontua da bere aitaren enpresa, Telesonic, Anoetaren megafoniaz arduratzen zela, eta ordura arte izan zuten esatariak lana utzi nahi zuen. Bere lekua hartzea proposatu zidan, eta hasieran adarra jotzen ari zitzaidala pentsatu nuen arren, onartu egin nuen.
Geroztik ehunka neurketa ikusi dituzu Anoetan.
Bai, baina ez naiz beste estadioetara joaten den horietakoa. Nahikoa daukat etxeko partidekin, eta asteburuetan beste gauza batzuk ere egitea atsegin dut.
Esatari gisa lotura berezia duzu zaleekin. Nolakoa da harreman hori?
Beste estadioetan badira oso gogo biziz aritzen diren esatariak, baina nik beste modu batera ulertzen dut nire lana. Nire ustez, esatariak futbol zelaiko orkestrako partaide izan behar du, eta ez zuzendari. Protagonismoa harmailak eraman behar du beti, eta nik lagundu egin behar diot, baina ahalik eta gutxien hitz eginez. Esatariak protagonismo handia hartzen badu, ez goaz ondo.
Estadioaren birmoldaketak asko lagunduko zuen horretan, ezta?
Pila bat. Giroa sekulakoa da harmailetan, eta hori zale zein jokalariek eskertzen dute. Taldeak berotasuna sentitzen du, eta oso sintonia ona sortu da zelaian eta harmailan daudenen artean.
Egia da ere, emaitzak aldekoak direnean, erdian zazpi pista edukita ere jendea jokalariekin dagoela. Baloia zuri komeni zaizun atean sartzea, hori da garrantzitsuena, eta hori gertatzen den bitartean, giroa paregabea izango da beti estadioan.
Amaitzeko: zergatik aukeratu duzu Santana taberna elkarrizketarako?
Bulegoa gertu daukadanez, askotan etortzen naiz zer edo zer hartzera, eta bertakoak lagun kutunak dira. Jateko leku oso ona da, eta tratua oso hurbila da. Gainera, asko gustatzen zait nagusiarekin tarteka futbolaz hitz egitea eta elkar xaxatzea. Berak ez daki, ordea, Anoetan esatari gisa aritzen naizela. Orain jakingo du!
HAMABIETAN BERMUTA. Chardonnay kopa eta trainerilla pintxoa.
Non. Santana taberna (Parte Zaharra).
Prezioa: 4,95 euro.