Udalak onetsitako hotel jarduera irregularrak salatu ditu EH Bilduk
Groseko Erronda kaleko Arrizul hotela jarri du eredu Ricardo Burutaran zinegotziak, eta Eneko Goia alkateak bere ardurak betetzeari uko egin diola salatu du.
“Irregulartasunez jositako hotel jarduerak Eneko Goia alkatearen onespenez garatzen ari dira”, salatu du Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak. Groseko Erronda kaleko Arrizul hotela jarri du eredu. “Hirigintza arloko irregulartasun ugari ditu, eta duela ia hiru urtetik lehen erabilerako baimenik gabe ari dira lanean. Gainera, udal gobernuak hori guztia badaki”. Horregatik, interpelazioa aurkeztu du asteleheneko batzordeetan aztertzeko.
“Donostiako Udaleko Hirigintza zuzendariordearen 2016ko azaroaren 29ko txostenean adierazten da, Arrizul hoteleko lanak ‘zuinketa akta edo kordel botatzea’ deiturikoaren bidezko baimena eskatu gabe hasi zirela. Lan horiek egiten jarraitu da, nahiz eta ez den lortu aurreko izapidearen baimena”, azaldu du Burutaranek. Bestalde, eraikina ondare eraikia babesteko plan berezian jasota dago, D mailako babesarekin, eta horrela ere aurrealdea aldatu egin diotela esan du EH Bilduko zinegotziak. “Hori egin ahal izateko ez da baimenik eskatu, eta ondorioz, jatorrizko hutsuneei eusteko betebeharra hautsi da”.
Burutaranek dio baimen guztiak lortu gabe hasi zirela lanekin, eta udal gobernuak ez duela ezer egin irregulartasunen aurrean. “Agerian da EAJ-PSE-EEk ez dutela neurgailu bera kasu guztietarako”. Eneko Goia alkateak bere ardurak betetzeari uko egin diola salatu du, “irregulartasunak onartzen ari delako”.
Hotelak ugaritu dira
Donostiako Udaleko Sustapen Elkartearen Hiri Ekonomiaren Barometroak argitaratutako datuak azpimarratu ditu Burutaranek. “2017an %13 igo zen hotel kopurua, eta 2018an %12. Alkateak berak kezkagarritzat jo du egoera hori, eta zabalkunde hori arautzeko eta mugatzeko neurriak iragarri ditu. Bitxia da kezka hori, baldin eta alkateak gero ezikusiarena egiten badu hotela modu irregularrean irekitzen direnean eta funtzionatzen dutenean”.