Aitzole Araneta: "Unidas Podemosek %15ari eutsi dio hirian, erakutsiz espazio kontsolidatu bat baduela"
Aitzole Araneta Elkarrekin Donostiako buruak uste du hauteskundeetako parte-hartzearen jaitsierak eragin zuzena izan duela Unidas Podemosek jasotako emaitzetan. Alderdiak 16.069 boza lortu ditu Donostian (%15,8, apirilaren 28ko hauteskundeetan baino 3.733 gutxiago), eta hiriko parte-hartze orokorrak sei puntu egin du behera.
Aranetaren ustetan, “[parte-hartzearen] beherapen horrek min gehien Unidas Podemosi eta PSOE-ri egin die”, baina Elkarrekin Donostiako zinegotziak alde ona ere atera dio emaitzari: “[Unidas Podemosek] %15ari eutsi dio hirian eta baita herrialdean ere, erakutsiz espazio kontsolidatu bat baduela”.
Bere alderdiak hauteskunde hauek nahi ez zituela azpimarratuz, estatuan gehiengo absolutuen gobernuak amaitu egin direla adierazi du: “Ezin dugu egon hauteskundeak joan eta etorri antzinako bipartidismoak eta kasu honetan psoek nahi dituen emaitzak atera arte”.
Aranetaren ustetan, “taktizismoa” gaizki atera zaio PSOEri, “diputatuak galdu eta ultraeskuina izugarri indartu dutelako”. Lurraldetasunari dagokionez, berriz, “dauden proposamen ezberdinak era serioan baloratzeko” garaia dela zehaztu du.