Borja Senper: "Testuinguru hain polarizatuan, Alderdi Popularrari zaila egiten ari zaio bozei baliagarritasun bat topatzea"
Borja Senper PP-ko zinegotzia kezkatuta agertu da igandeko hauteskundeetan jasotako emaitzekin. Donostian, Alderdi Popularra bosgarren indarra izan da, 10.907 boza eskuratuta (%10,73, apirilaren 28ko hauteskundeetan baino 1.644 gehiago), baina EAE-n ez du Espainiako Kongresurako ordezkaritzarik lortu.
IRUTXULOKO HITZAri eginiko adierazpenetan, ordezkaritza eza hori Espainiako testuinguru “polarizatuari” leporatu dio Senperrek: “Espainiako politikaren testuingurua hain polarizatua izanda, lurralde euskaldunetan Alderdi Popularrari zaila egiten ari zaio bozei baliagarritasun bat topatzea”. Zentzu horretan, Donostian jasotako emaitzak “[EAE-ko] hiru lurralde historikoetan gertatutakoaren isla” direla uste du.
“‘Gu eta haiek’ horretara bideratua dagoen testuingurua” EAJ-k ongi baliatu duela uste du, ordea, PP-ko zinegotziak: “EAJ-k hazten jarraitzen du, aukera politiko ia estruktural bilakatuta, mesede egiten dion dialektika batez lagunduta, mehatxuen jomuga izanik eta, hortaz, alderdi moderatu eta instituzional gisa ikusten dutenen babesa jasota”.
Estatu mailako irakurketa eginez, berriz, egoera “gero eta okerragoa” dela ondorioztatu du Senperrek: “Hauteskunde hauen emaitzek are gehiago gaizkiagotu dute gobernagarritasuna, eskuin muturra goratu dute eta akordiorako eta moderaziorako maniobra marjina murriztu dute. Erne ibiltzeko abisua”.