Ernesto Gasco: "Alderdi sozialistak berriz erakutsi du oso indartsua dela Donostian"
Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetan bigarren indarra izan da PSE-EE Donostian, 20.235 boto lortuz (%19,90), apirilaren 28an baino 3.000 boto gutxiago (23.324 boto, %21,09). Hauteskunde “zailak” zirela nabarmendu du Ernesto Gasco Donostiako PSE-EEren buruak, eta positiboan baloratu ditu emaitzak.
Bere alderdiaren garaipen orokorra azpimarratu du Gascok, eta “gobernu aurrerakoi bat” osatzeko beharra dagoela: “Orain denon artean lan egitea tokatuko zaigu, euskal eta donostiar gizarteak nahi duen gobernu aurrerakoi hori gauzatzeko”.
Gascoren arabera, “alderdi sozialistak berriz erakutsi du oso indartsua dela Donostian, EAJrekin indar politiko garrantzitsuenetako bat baita”. Era berean, PSE-EEren aldeko donostiarrak beti mobilizatzen direla nabarmendu du Gascok: “Emaitzek erakusten dute sozialista donostiarrek hiriko historian izan duten garrantzia, eta Espainiako gobernua aukeratu behar denean oso emaitza esanguratsua lortzen dela. Hori da garrantzitsuena, erakusten baitu Vox bezalako indar erradikalek ez dutela ia eraginik hemengo gizartean”.