Jon Insausti: "EAJren egonkortasuna eta herritarren babesa adierazten du atzoko emaitzak"
Jon Insausti Donostiako EAJren bozeramailea pozik agertu da igandeko hauteskundeetako emaitzekin, “lidergoari eutsi” baitio Donostian, maiatzeko udal hauteskundeetan erakutsi zuen “nagusitasuna berretsiz”. Apirilaren 28ko Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeetan 30.921 (%27,96) boto lortu zituzten jeltzaleek Donostian, lehenengo indarra izanik, eta mantendu egin ziren igandean, 30.828 boto eskuratuz (%30,31).
“30.000 bozen muga” gaindituz garaitzea “balio handikoa” dela azpimarratu du Insaustik, bereziki Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeetan: “Espainiako Hauteskunde Orokorrak ez dira errazenak, Estatuko testuinguruak bestelako elementuak sartzen dituelako jokoan, ez beti euskal alderdien mesedetan”.
Gainontzeko alderdiek Donostian izan dituzten emaitzak ere gogoratu ditu bozeramaile jeltzaleak. Ezkerreko blokeko alderdien emaitzen inguruan, PSE-EEren eta Unidas Podemosen boto galera azpimarratu du: “Sozialistak dira bigarren indarra, baina botoak galdu dituzte. Unidas Podemosek ere botoak galdu ditu, hirugarren posizioa EH Bilduri utziz”. Ildo beretik, Unidas Podemosen beherakada nabarmendu du Insaustik: “Gogoratu behar da Unidas Podemosek bi aldiz irabazi zituela hauteskunde orokorrak Donostian, eta gaur laugarren indarra dela”. Eskuineko blokeko alderdien datuak ere aipatu ditu bozeramaile jeltzaleak: Alderdi Popularrak bakarrik izan du igoera txiki bat. Vox jeitsi egin da botoetan, eta Ciudadanos, berriz, ia desagertu egin da”.