Reyes Carrere: "EH Bildu Donostiako lau alderdi nagusien artean gora egiten jarraitzen duen bakarra da"
Reyes Carrere Donostiako EH Bilduko burua pozik agertu da igandeko hauteskundeetan bere alderdiak jasotako emaitzekin. EH Bildu hirugarren indarra izan da hirian, 17.515 bozekin (%17,22, apirilaren 28ko hauteskundeetan baino 775 gehiago), EAJ (%30,31) eta PSE-EEren (%19,90) atzetik.
Carrerek nabarmendu du EH Bildu “Donostiako lau alderdi nagusien artean gora egiten jarraitzen duen bakarra” dela: “EH Bildu gorantz doa, pausuz pausu gure alternatiba politikoa sendotzen doa, Euskal Herri osoan, baita Donostian ere”.
Horrez gain, pozik agertu da hirian “trifatxitoak” (PP, Ciudadanos eta Vox alderdien batura) 2.000 boto baino gutxiago lortu dituelako: “Donostia hiri antifaxista dela argi geratu da, beste behin ere. Gure hiriaz harro egoteko beste arrazoi bat”.