Urtarrilaren 13tik 18ra egingo dute 13. Dock of the Bay
Donostiako Musika Dokumentalen Jaialdia 2020ko urtarrilaren 13tik 18ra egingo dute. Ohiko lekuetan egingo dute aurten ere Dock of the Bay: Antzoki Zaharrean, Trueba zinemetan eta Tabakaleran. Jaialdiak bere hamahirugarren urteko irudia aurkeztu du, eta Estudio Primo-k diseinatu du.
“Aurtengo jaialdiari irudi zinematografikoago bat eman nahi genion eta gainera musikariak hartzea Dock of the Bay-n kontatzen diren istorioen benetako protagonistatzat”, azaldu dute antolatzaileek. Gustatzen zaizkien “musikari ikonikoen” argazki zatietatik abiatuta, erretratu desberdinak sortu dituzte, “nahiko abstraktuak”, indarrez betetako pertsonaia misteriotsuak eta irrealak sortzeko.
Aurtengo jaialdian formatu berri baten alde egin dute apustu, teorikoen, errealizadoreen eta/edo kritikarien arteko elkarraldian oinarrituta. “Kontatzea/kantatzea” gaia ardatz hartuta eta “elkarrizketen”, sortzaileen eta publikoaren artean solasaldiak sortzeko helburua dute. Aaron Rodriguez Serranok koordinatua, “elkarrizketak” honako gaien inguruan izango dira: Kantak (elkar)kontatzearen plazera eta Pelikulak (elkar)kantatzearen plazera. “Elkarraldi hau gure bizitzako kontakizuna eraiki duten eta eraikitzen duten pelikulei eta kantei buruzko elkarrizketen inguruan izatea proposatzen dugu”, adierazi dute Dock of the Bay jaialdikoek.
Halaber, “elkarrizketen” bitartez espazio berri bat bilatu nahi dute sortzaileentzat, kritikarientzat, pentsatzaileentzat eta artistentzat, baina, “batez ere” jaialdiaren publikoarentzat. “Elkarrizketetan” parte hartu nahi dutenek mezu bat bidali beharko dute info@dockofthebay.es helbide elektronikora.