Uztailean itxiko dute guztiz San Martin kalea, eta mozketak urtebete iraungo du
Pilar Aranak, Mugikortasun eta Garraio zinegotziak, gaur aurkeztu du San Martin kalearen itxierak sortuko dituen “eraginei aurre egiteko” plana. Metroaren lanek sortutako eraginei erantzuteko asmoz, udaleko Mugikortasun eta Garraioetako departamentuak plangintza egin du, Artzain Onaren parean eta San Martin kalean izango diren kalteak kudeatzeko.
Donostiako Udalaren Gune Publikoen batzordean aurkeztu du gaur Aranak, eta azaldu du kalearen itxierak hiru fase izango dituela. “Hainbat alternatiba aurreikusi ditugu, bai garraio publikoarentzat eta larrialdietarako ibilgailuentzat, bai ibilgailu pribatuentzat. Hala ere, gomendatzen dugu ibilgailu pribatua ez hartzea eta garraio publikoa erabiltzea”, adierazi du zinegotziak.
Duela aste batzuk Mugikortasun departamentua lehen faseari dagozkion neurriak ezartzen hasi zen, eta urri amaieran San Martin kaleko errei bat itxi zuten. Hortaz, 2020ko urtarrilaren 31 artea, San Martin kaleak bide bat gutxiago izango du eta trafiko mota guztiari irekita egongo da, hau da, ibilgailu pribatu zein garraio publikoa eta larrialdietarako ibilgailuak bertatik igaro daitezke.
Halaber, Easo kalea baino lehen ezkerreko bidetik doazen ibilgailuek kale horretara biratu behar dute, eta Urbieta eta San Martin kaleen arteko biraketa debekatu dute, “oinezkoen pasabidearen segurtasuna bermatzeko”. Era berean udalak jakinarazi du, abenduaren 21etik urtarrilaren 6a arte, San Martin eta Easo kaleko lanak geldituko direla, “saltokien Gabonetako kanpainak ahalik eta eragin txikiena izateko”.
Aranak jakinarazi duenez, otsailaren 1ean hasiko dute bigarren fasea. Horrek uztailaren 15era arte iraungo du, eta epe horretan, San Martin kaleak bide bakarra izango du Urbieta eta Hondarribia kaleen artean, eta bakarrik garraio publikoak, larrialdietarako ibilgailuek, taxiek eta motorrek erabili ahal izango dute. Bigarren faserako hainbat gomendio egin ditu Mugikortasun sailak. Alde batetik, Antigua-Amara bidea eta Mendebaldetik Ekialdera joateko saihesbidea erabiltzeko gomendatu du.
Bestetik, erdialdetik ibiliko diren ibilgailuek, Urbieta kalera biratu beharko dute, hortik Parke kalera joateko, eta handik Gernikako Arbolaren pasealekuan sartu ahal izango dira. Egun, Parke kalearen eta Gernikako Arbolaren arteko biroa ezin da egin. Hortaz, Mundaizeko zubia ezingo da erabili Parke kalera eta Mendeurrenaren plazara sartzeko, izan ere, Parke kalearen eta Gernikako Arbolaren arteko biroa egin ahal izateko, ibilgailuek ezingo dute zuzen jarraitu eta Gernikako Arbola pasealekura biratu beharko dute. Hori dela eta, han dagoen oinezkoen pasabidea kenduko dute, “trafikoa arintzeko”. Era berean, San Martin kaleko Artzain Onaren Dbus eta Lurraldebuseko geltokiak aurrerago jarriko dituzte.
Hirugarren faseak uztailaren 15etik 2021eko uztailera arte iraungo du, eta San Martin kalea guztiz itxiko dute, Urbieta eta Hondarribia kaleen artean. Epe horretan, ibilgailu pribatuentzako eraginak aurreko fasearen berberak izango dira, eta aldiz, garraio publikoa eta larrialdietarako ibilgailuak Easo kaletik joango dira Askatasunaren Hiribideraino. Horiek, Askatasunaren Hiribidean izango dituzte San Martin kalean kenduko diren geltokiak.