Gizon bat atxilotu dute Donostian, bere bikotekidearen aurkako sexu eraso batengatik
Gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak Donostian atzo goizaldean, bere bikotekidearen aurkako sexu eraso delitu bat leporatuz. Emakumearekiko urruntze-agindu bat zuen gizonak, baina agindua urratu zuen atzo, eta emakumearen etxera joan zen, honi eraso eginez. Erasotako pertsonak berak deitu zuen Ertzaintzara, eta atarian aurkitu zuten poliziek, gorputzean hainbat kolpe eta ebaki zituela; beraz, ospitalera eraman zuten. Gizona, aldiz, etxebizitzan lo topatu zuten poliziek, eta han atxilotu zuten. Arratsaldean erabaki zuen epaileak gizona kartzelan sartzea.
Donostiako Udalak erasoa gaitzesteko elkarretaratzea egingo du gaur 12etan, eta udal talde guztiek adostutako adierazpena kaleratu dute:
Donostian azken orduotan izan den genero indarkeri kasuaren aurrean, Udalak honako hau adierazten du:
1.- Udalak erabateko irmotasunez gaitzesten du gure bizilagunak jasandako eraso larria. Gure hirian gertatutako indarkeria matxistak eragindako beste gertaera bat izan da, ustezko erasotzaileak epaileak erabakitako urrutiratze agindua urratu ondoren.
2.- Babesa eta elkartasuna adierazi nahi dio eraso tamalgarri honen biktimari, bai eta bere familia eta hurbileko ingurukoei ere. Udalak biktimari eskainiko dio Udalaren arreta zerbitzuen, eta babes juridiko, soziala eta psikologikoa, eta behar duen laguntza guztia. Halaber, urrutiratze aginduak betearazteko bide guztiak har ditzaten eskatzen diegu dagokien erakundeei.
3.- Mota honetako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak dira eta Udalak guztiz gaitzesten ditu. Ezinbestekoa da lanean jarraitzea, gizartea eta hiriko giza eragileekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde. Beharrezkoa da, halaber, azpimarratzea horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan egunez egun esku hartzen jarraitu behar dela.
4.- Udal Korporazioak gaitzespena adierazteko elkarretaratzea egingo du, gaur, asteartean, 12:00tan Alderdi Ederren.