Artisau modura ondutako bi disko eta jai bat
Bi disko izan arren, artelan bakar baten moduan aurkeztu dute, izenik gabe. Jai berezi batean erakutsiko dute aurten egin duten lana, osorik, Gazteszenan, abenduaren 1ean. Sarrerak jada salgai daude.
Urte berean bi disko kaleratu ditu Donostiako Pelax taldeak. Lehena, maiatzean argitaratu zuten, eta, orain, aurreko lana osatu duena. Izan ere, bi disko izan arren, artelan bakar baten moduan aurkeztu dute, izenik gabe.
Obra honen jatorria azaltzeko, bi urte atzera egin du laukoteak, Talkak egiten du didaktika (2017) diskoaren birako azken kontzertuetara. Sortu zitzaien kontzertuak beste modu batera emateko gogoa: “Saio baten moduko emanaldiak egitea, harilkatzea abestiak”.
“Harrikada” hau egiteko, euren apustua izan zen lokal berri bat hartzea, eurak bakarrik egoteko. 2018ko abenduan hasi ziren lanean, eta geroztik lokalean ibili dira, sortzen, gogoz eta ondo pasatzen, “gehien gustatzen zaiguna egiten”. Iker Vazquez –bateria–, Iñigo Ozaeta –baxua–, Andoni Olaetxea –gitarra– eta Unai Pelayo –gitarra, ahotsa eta hitzak– dira Pelax taldeko kideak. Telmo Trenor ere aritu da haiekin batera lokalean, azken diskoan.
Lehen entseguetan inprobisatzen ibili ziren, eta pixkanaka forma ematen hasi zitzaien bi disko hauei. Bereizgarrietako bat da lokalean bertan sortutako abestiak direla abesti guztiak. modu natural batean: “Lau kideok aldi berean sortutako piezak izan dira.
Denbora asko ere eman dute euren musikaz hitz egiten, egin nahi dutenaz, eta bakoitzak bere erreferenteak eta entzuten duen musika konpartitu duela taldean: Nine Inch Nails, King Gizzard & The Lizard Wizard eta Joseba Irazoki, besteak beste. Azaldu dute eragina izan duela azkenaldian entzuten ari ziren musikak ere: rock progresibo klasikoa, adibidez.
2019ko martxoan grabatu zuten lehen diskoa, Iñigo Irazokiren Atala estudioan, Beran: “Asko gozatu genuen. Zuzenean grabatu genuen, modu analogikoan. Musikaren alde ludikoa berreskuratu nahi zuten, eta uste dute lortu dutela.
Aro digitalaren zurrunbilotik urrundu, eta artisau moduan lan egin dutela diote. Lokaleko inprobisazio saio luzeen emaitza da bi diskoetan entzuten dena, zuzeneko musika, gordinean, bere horretan. Eta diskoak ere artisau moduan egindako diseinuekin jantzi dituzte, Nagore Lejarretaren argazkiekin eta Iñaki Rifaterraren litografiekin.
Egun musika kontsumitzen den moduarekin kritiko azaldu dira, eta defendatu dituzte musikarekin lotutako betiko erritualak: “Binilo bat jartzea, adibidez”. Disko hau egiteko moduan ere islatzen da ideia hau, LP baten formatuan egin dituzte bi aleak, iraupen luzeko bi kantekin, disko baten bi aldeak irudikatuz nolabait. Musikaren formaturik egokiena formatu fisikoa dela sinetsita, honen aldeko apustua egin dute. Lehen alea Badok-en argitaratu zuten, eta Bandcampen ere badago entzungai, baina bigarren disko hau oraingoz ez da streaming bidez entzuteko aukerarik izango, soilik binilo eta CD formatuan: “Musikariaren jarduna jarri nahi dugu lehen planoan”.
Bi disko grabatu dituzte, eta oholtza gaineko kontzertuen erritmoa ere ez dute jaitsi: “Gurea oholtza da, eta oholtza gainean gure bertsiorik onena eman nahi dugu, zuzenekoen kalitatea bermatu. Eta hori ere landu dugu diskoa prestatzen ari ginela”. Hain zuzen, aurten egindako lan hau guztia abenduaren 1ean aurkeztuko dute, Egian, Gazteszenan, Artisau jaia izena jarri dioten ekitaldian. Ez da ohiko kontzertu bat izango, musika ez ezik, proiektuaren bueltan lanean ibili diren egileen sorkuntzak ere erakutsiko dituztelako.
Ez da auzoan egingo duten kontzertu bakarra izango, nahiz eta publikoa oso bestelakoa izan. Aitor ikastola eta Maria Reinako ikasleen aurrean joko dute, Euskararen Egunaren harira antolatu duten emanaldi batean.
Donostia Kulturaren ohiko zerbitzuen bidez eskura daitezke jada Gazteszenako kontzerturako sarrerak.