Eskuin muturrak alarma piztu du
PSOEk irabazi ditu hilaren 10eko hauteskundeak, eta akordioa iragarri du Unidas Podemosekin. Donostian, berriz, EAJ izan da bozkatuena, eta boto kopuruan gora egin duten bakarrak izan dira EH Bildu eta PP. Felix Arrieta politologoarekin egin dugu errepasoa.
Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetan 102.068 donostiarrek (%69,22) eman zuten botoa joan den igandean, azaroaren 10ean. Apirilaren 28ko bozekin alderatuta, sei puntutan jaitsi egin da parte hartzea, eta Felix Arrieta Frutos politologo eta irakaslearen ustez, beherakada horrek hainbat faktorerekin du zerikusia. Alde batetik, nekeak eta azken hilabeteetako negoziazioaren ondorenak eragina izan dutela uste du Arrietak. Bestetik, «fenomeno lokalek» ere zerikusia izan dutela esan du, hala nola, eguraldi txarrak eta Behobia-Donostia lasterketak.
Igandeko kontaketen arabera, PSOEk irabazi zituen Espainiako hauteskundeak, eta, asteartean, Pedro Sanchez PSOEko buruak eta Pablo Iglesias Unidas Podemoseko taldeburuak koalizio gobernua osatzeko aurreakordioa sinatu zuten. Arrietaren ustez, hauteskundeen errepikapenak erakutsi du blokeen arteko orekak mantentzen direla, eta, beraz, errepikapenak ez zeukala «zentzu gehiegirik».
Halaber, aldaketa nabarmen bat azpimarratu du politologoak: eskuin muturraren gorakada. «Ziur asko Alderdi sozialistak kanpaina irudikatu duen moduak eragina izan du eskuin muturraren gorakadan, besteak beste, Francoren desobiratzeak, sententziaren ondorengo erantzunak, eta debateak gauzatu diren moduak», azaldu du. Arrietaren arabera, hauteskunde berrien ostean agertoki «antzeko» batean egon arren, ezkerrarekiko babesa jaitsi egin da, eta eskuinak egonkortu egin du «diskurtsoaren nagusitasunean zeukan gailentasuna». «Astearteko aurre-hitzarmenak, gainera, agerian jarri du oztopo handiegirik ez zegoela PSOE eta Unidas Podemosen artean akordio batetara iristeko», gaineratu du.
Donostian, joera bera
Gure hirian EAJ izan zen alderdi bozkatuena, 30.828 botorekin. PSE-EE izan zen bigarren indarra (20.235 boto), EH Bildu hirugarrena (17.515 boto), Unidas Podemos laugarrena (16.069 boto) eta PP bosgarrena (10.907 boza). Apirilaren 28ko hauteskundeekin alderatuta, EH Bildu eta PP izan ziren boto gehiago eskuratu zituzten alderdi bakarrak.
Alderdi bakoitzaren emaitzei begiratuta, Arrietak uste du Donostian estatuan izandako joera berak mantendu direla. PPren igoera eskuin muturraren gorakadarekin lotu du irakasleak, baita Ciudadanosen gainbeherarekin ere: «Ciudadanosetik eratorritako botoen bateratze bat gertatu da».
Era berean, uste du VOXek auzoz auzo izan dituen emaitzak ez direla «oharkabean» pasa behar. «Auzo populatuenen kasuan alderdiak izan dituen boza kopuruak begiratu behar dira. Anekdota bat eman dezake, baina uste dut esanguratsua dela», aitortu du.
Hiriko alderdi abertzaleei buruz, aldiz, esan du EH Bilduren gorakada eta EAJren mantentzea «euren hautesleen fideltasunarekin» lotuta dagoela. Gogoratu du tradizionalki estatuko hauteskundeak ez direla izan alderdi horientzat «erosoak», baina azpimarratu du logika aldatzen ari dela: «Azken hauteskundeek erakutsi dute alderdi abertzaleek ere badakitela kanpaina egiten logika horietan».
«Alderdi Sozialistak eta Elkarrekin Podemosek izan duten beherakada ez da fidelizazio arazo bat izan, neke arazo bat baizik», baieztatu du Arrietak. Politologoaren ustez ezkerreko boto emaileak kritikoagoak izaten dira euren alderdiekin, eta, horregatik, igandeko hauteskundeen emaitzen atzean «penalizazio puntu bat» dagoela uste du.
Azkenik, gako gisa aipatu du eskuin muturraren inguruko hausnarketa: «Ezinbestekoa da, estatuan, lurraldean, baita Donostian ere, diskurtso horiei aurre egiteko, eta horien aurrean izan beharko dugun jarrera erabakitzeko».