Manifestazioa egingo dute Gipuzkoako pentsiodunek larunbatean Donostian
Gipuzkoako Adinekoen eta Pentsiodunen Plataformak manifestazioa egingo dute Donostian larunbatean, hilaren 16an, 17:00etan Alderdi Ederretik abiatuta. Egun berean Eibarren ere manifestatuko dira, 12:00etan. Herritar guztiei luzatu diete mobilizazioan parte hartzeko deia: “Bi urte daramatzagu bilkurak eta manifestazioak egiten, eta herritar guztiei dei egiteko arrazoi sendo bat dugu: Pentsioen Sistema Publikoa arriskuan dago. Gizarte osoari dagokion auzi bat da, bereziki emakumeei eragiten diena”. Ildo beretik, mobilizazioan parte hartzeko konpromisoa hartu duten kolektibo guztiei eskerrak eman dizkiete, hala nola, mugimendu feministari, ikasle mugimenduari eta sindikatu guztiei (ELA, LAB, Steilas, ESK, CCOO eta UGT).
Pentsiodunen mugimenduaren helburua k”alitatezko pentsio publiko duinen bideragarritasuna” bermatzea dela nabarmendu dute, eta euren “haserrea” adierazi dute pentsioen balioa %0,25 handitzeko legearekin eta agindutako %0,9ko igoerarekin, “ez baitu benetako inflazioa estaltzen”. Horregatik, “Espainiako Estatuaren arduragabekeria” salatu dute, “ez baitu adorerik Gizarte Segurantzaren defizitari aurre egiteko; sistema umezurtz eta etorkizunik gabe uzten du”. Pentsio publiko duinak jarduera ekonomikoa bizkortzeko lagungarriak direla azpimarratu dute, baita “miseriazko lansariek miseriazko pentsioak” sortzen dituztela ere. Horregatik, laster Espainiako gobernu berria osatu daitekeela ikusita, gobernu horren programak pentsio publikoen legearen ardura hartzeko eskakizuna egin dute.
Pentsiodunek euren eskaerak aurkeztuko dituzte abenduan Gasteizko eta Iruñeako parlamentuetan, talde politiko guztiek eskakizun horiek guztiak biltzen dituen lege proposamen bat tramitatu dezaten Espainiako Kongresura, “Espainiako Konstituzioaren 87.2 artikuluaren babesean”. Eskaera horien artean, 1.080 euroko gutxieneko pentsio publikoak bermatzea, emakumeen eta gizonen pentsioen arteko genero arrakalarekin bukatzea eta iraunkortasun faktorea kentzea daude.
Horregatik guztiagatik, “gizarte osoa” deitu dute larunbateko manifestazioan parte hartzera: “Azaroaren 16an mobilizatzea, manifestazioetara joatea, norberaren aldeko jarrera bat da, guztien aldekoa. Zaindu zeurea, zaindu pentsio publikoa. Eta ez dezagun ahaztu: Gobernu bat edo beste izan, beti pentsio publikoen alde”.