"Lupuluari urre berdea deitzen zioten"
Lupuluaren laborantzaren eta bere historiaren inguruan ikertzen hasi zen Susana Camara Leret artista (Madril, 1982) maiatzean. Ikerketa proiektu horren lehen emaitzak aurkeztu ditu Egiako parkean, abenduaren 1a arte ikusgai egongo den 'Lupulua: Mingostasunaren ekologiak' erakusketan. Hala ere, proiektuak aurrera jarraitzen du, eta, fruitu gehiago eman ditzake oraindik.
Zeri buruzkoa da erakusketa?
Erakusketak lupuluaren laborantzaren eta bere ekologien inguruko hainbat istorio aurkezten ditu, bere mingostasunaren bidez planteatuta. Interes pertsonal batetik dator erakusketa, lehen sektorearekin erlazionatutako prozesuen eta lurra eraldatzeko nekazaritzan ematen diren aldaketen ingurukoa.
Zergatik aukeratu zenuen lupulua?
Lupulua asko landatzen da Leonen; Espainian ekoizten den lupuluaren %97 zonalde horretatik dator. Lupuluaren laborantzarengatik hain karakterizatua dagoen tokiko paisaia hori ulertzeko interesa piztu zitzaidan. Plantazioak oso bereizgarriak dira, sei eta zortzi metro arteko zutoinez osatuta baitaude. Beraz, oso presentzia nabarmena dute lurraldean. Gainera, iragan medizinala duen landare bat da, baina garagardoaren elaborazioarekin duen harremanarengatik soilik hitz egiten da lupuluaz.
Landarearen lorearen ezaugarriak ikertzen hasi nintzen, mingostasunaren eta loaren artean, propietate narkoleptikoak baititu. Hori dela eta, gure gorputzaren funtzionalitatearen transgresioaren ideiatik hurbildu nintzen lupuluaren laborantzara: loaren eskalaren eta espazioen arteko joko horrengatik; alegia, errealitatearen eta irudimenaren arteko joko horretatik.
Nolakoa izan da proiektua garatzeko prozesua?
Tabakaleraren eta Cristina Enea Fundazioaren ikerketa artistikoko erresidentzia programa baten bitartez dago garatuta proiektua. Maiatzean proiektuarekin hasteko aukera eman zidaten, Donostian bi hilabeteko erresidentzia bat eskainiz. Denbora horretan, alde batetik, landarearen iragan medizinalaren inguruko artxiboko materialak errepasatu nituen. Bestetik, Espainiako lupulu laborantzaren inguruko materialak ikertu nituen, liburuxkak eta argazkiak, besteak beste.
Era berean, Donostian egon nintzen bitartean, beste mota batzuetako kontakizun eta egitasmoetara hurbildu nintzen, Euskal Lupulo proiektura, esaterako. Hainbat urte daramatza egitasmo horrek Gipuzkoako hainbat baserritan lupulua ekoizten. Oso interesgarria iruditu zitzaidan, lupuluaren laborantza ekologiko sare bat sortzen ari delako, hainbat baserrirekin kooperatiba moduan lan eginez, eta galdutako tradizioak errekuperatuz.
Espainiako Estatuko lupuluaren laborantzaren inguruan estrategia bat egon zela diozu proiektuan.
Lupuluaren gaur egungo laborantza estrategia nazional baten emaitza da, XX.mendearen hasieran lurra erabiltzeko era lehorretik ureztatura pasatzetik datorrena. Garagardoaren industriaren exijentziek markatutako aldaketa bat izan zen hura.
Lupulu gehiena Alemaniaren moduko herrialdeetatik inportatzen zen, baina Bigarren Mundu Gerraren ondoren hori blokeatu egin zen, eta estrategia bat garatu zen Espainiako Estatuan lupuluaren laborantza sustatzeko. Lupulu basatia hazten zen zonaldeak ikertzen hasi ziren, eta bere laborantza sustatu zuten A Coruñan, Santanderren, Asturiasen, Gipuzkoan eta Leonen, besteak beste. Azken horretan kontzentratu zen ekoizpen gehiena. Lupuluari Urre Berdea deitzen zioten han, sortu zuen aberastasunagatik. Gaur egun, ordea, garai batean egon ziren 1.700 hektareatatik 500 baino ez dira gelditzen.
Emakumeek lupuluaren laborantzan izan zuten rola nabarmentzen duzu proiektuan.
Lupuluaren jasotzean, lorea gainontzeko landaretik banatzen da, eta jarduera horren arduradunak emakumeak eta haurrak izan ohi ziren. Horri buruzko informazioa bilatzen hasi nintzen, eta ikusi nuen lan hori 1960ko eta 1970eko hamarkadara arte erregistratuta dagoela. Emakumeak ordezkatuak izan ziren orduan, makinak sartu baitziren, prozesua industrializatuz.
Emakumearen rola ez da oso ezaguna garagardoaren elaborazioan eta lupuluaren laborantzan, eta Silvia Federiciren moduko ikertzaileek belarren propietate sendagarrien jakinduria enpirikoaren desjabetzea erreklamatzen dute. Espainian, emakume talde batzuek belarrekin salerosten jarraitu zuten XX. mendearen hasierara arte, hala nola, Ansoko haraneko (Huesca, Espainia) emakumeak. Erabiltzen zituzten jantzi tradizionalak zirela eta, nazioarteko hainbat margolarik erretratatu zituzten, Ignacio Zuloagak, besteak beste.
Zein elementu daude erakusketan ikusgai?
Lupuaren laborantza interpelatzen duten hainbat istorio azaltzen ditu erakusketak. Bi zatitan banatutako instalazio bat da, aurrez aurre dauden bi bozgorailuren inguruan jarritako pareta eta egiturekin. Lupuluaren geofoniak soinu pieza erreproduzitzen dute bozgorailuek, Rafael Martinez del Pozoren laguntzarekin egindakoa. Lupuluaren paisaia industrializatuaren eta Gavilanes herriko (Avila, Espainia) Lina, Leni, Maruja eta Jovita lupulu-langileen bizipen kontatu eta kantatuen arteko elkarrizketa bat aurkezten du pieza horrek.
Instalazioaren bi aldeetatik Urre Berdea seriea zintzilikatzen da. Paper-biribilki batzuez osatuta dago serie hori, lupuluaren plantazioak eta material begetala gogorarazten dituena, paper margotuari keinu bat eginez, industriaren motibo apaingarri gisa. Artxiboko material batzuekin osatzen da erakusketa, hala nola, Espainiako Farmazia Akademiako, Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Alimentazio Ministerioko eta Zuloaga Fundazioko dokumentu eta bideoekin. Landarearen iragan medizinalaren, Espainiako lupulu laborantzaren hastapenen eta emakumeak bere ekoizpenean izan duen rolaren inguruko hari bat osatzen dute elementu horiek.
Zein da erakusketaren helburua?
Landarearen magiaren eta industriaren arteko narratiba gurutzaketa bat aurkezten du erakusketak, artista liburu hedatu baten moduan funtzionatzen duena. Hasten ari den ikerketa baten emaitzak aurkezteko lehen saiakera bat da. Proiektua maiatzean hasi zen, eta garapen prozesuan jarraitzen du.
Zer ekarpen egin diezaioke erakusketak jendeari?
Mingostasunak hausnarketa bat barneratzen du, landareekin eta euren laborantzarekin lotutako istorioekin ditugun harremanen ingurukoa. Landareen iruditeriak nekazaritza kulturaren ongizatearen inguruko komunikabide berriak irekitzen ditu, ongizate horren eskuetan baitago lurraldearen etorkizun partekatua.