Euskarak hirian dituen erronkak mahaigaineratu dituzte Donostiako Euskaltzaleen Topaketetan
Hamarnaka herritar euskaltzalek Bagera Elkarteak antolaturiko Donostiako Euskaltzaleen Topaketetan (DET) hartu dute parte goizean San Telmo museoko ekitaldi aretoan. Lau orduz luzatu den saioan, euskarak hirian bizi duen egoeraren diagnostikoa egin dute, eta hizkuntzak etorkizunera begira dituen erronken inguruan hausnartu dute.
Azkeneko asteetan, Bagera elkarteak hainbat saio egin ditu auzoetako euskara batzordeekin eta norbanako euskaltzaleekin euskarak hirian bizi duen egoera zein den ikusteko. Saio horietatik ateratako ondorioak partekatuz hasi dute gaurko topaketa, eta museoan bildutakoek ere euren ekarpenak egin dizkiote, denen artean diagnostiko orokor bat osatzeko.
Atsedenaldi baten ostean, berriz, Bagerako kideek proposatutako hurrengo galderei erantzun diote lantaldeetan banaturik:
- Non eta nola eragin behar du Donostiako euskaltzaleen mugimenduak?
- Norekin egin nahi dugu lan? Zein aliantza egin nahi ditugu? Zein sektoreetara iritsi nahi dugu?
- Nola antolatu behar gara horretarako?
Galdera horiei erantzunez, aurrera begirako proposamenak egin dituzte museoan bildutakoek. Bagerako kideek, euren partetik, saioan plazaratutako ondorio guztiak bildu dituzte, eta datozen egunetan ezagutzera emango dituztela iragarri dute.
Ekitaldia txalo artean amaitu aurretik, topaketetan elkartutako euskaltzaleek etorkizunean antolatzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute.
Jarraian, saioan parte hartu duten kide batzuen testigantzak: