Milaka herritarrek kalea hartu dute pentsio publikoen defentsan
Milaka herritarrek bat egin dute Donostian Euskal Herriko hiriburuetan pentsio publiko duinen defentsan kalera irteteko deialdiarekin. Alderdi Ederretik abiatuta, hiriko erdigunea gurutzatu dute, ekaitzari aurre eginez, euskal pentsio sistema duin bat aldarrikatzeko.
Gipuzkoako hainbat eskualdetako eta adin guztietako herritarrek hartu dute parte protestan, egungo egoerarekiko duten haserrea adierazteko. Mobilizazio amaierako hitzartzean azaldu dutenez, %0,25eko balio handitze legearen aurka eta agindutako %0,9ko igoeraren aurka daude, “ez baitu benetako inflazioa estaltzen eta, gainera, gehienez urtebeterako baita”.
Pentsio publikoak pribatizatzeko asmoen aurrean, pentsio publiko duinen lege bat aldarrikatu dute, gutxieneko pentsioa 1080 eurokoa izatea bermatuko lukeena eta KPIaren araberako eguneraketak egingo lituzkeena.
Horrekin batera, “murrizketa lege guztiak indargabetzea, iraunkortasun faktorea kentzea eta emakumeen eta gizonen pentsioen artean dagoen genero arrakala lazgarriarekin behingoz amaitzea” exijitu dute.
Eskakizun horiek Gasteizko eta Iruñeako parlamentuetan aurkeztuko dituztela iragarri dute, talde politikoek Espainiako kongresurako lege proposamen bat tramitatu dezaten. Bestetik, euskal erakundeek pentsio publikoen osagarri bat eskaintzea eskatuko dute, 1080 euroko gutxieneko pentsioak bermatu ditzaten.