'Estoldako munstroa' ez elikatzeko kanpainarekin bat egin dute
Donostiako Udalak eta Añarbeko Urak erakundeak bat egin dute Ez elikatu estoldako munstroa sentsibilizazio kanpainarekin. Helburua da herritarrak ohartaraztea zapi hezeak komunetik botatzeak eragiten dituen ondorioez. Era berean, ohitura arduratsuagoak sustatzea du xede, isurketek saneamendu sarean sortzen dituzten trabak saihesteko.
Aipaturiko kanpainak agerian jarri nahi ditu komunetik botatzen denak duen eragina hodietan eta udal estolderia zerbitzuetan. Esaterako, Añarbek zerbitzua eskaintzen duen eremuan –hamar udalerri eta 315,000 biztanle inguru–, urtean 10 kilo hondakin jaso daitezke pertsona bakoitzeko. Trabek kolektoreak itxi eta hondakin uren ponpaketa-estazioak eten ditzakete. Horrek dakarrena da hondakin urak ibaietara, ubideetara zein itsasora isurtzea.Bestalde, zapi hezeak komunetik botatzeak pertsonako eta urteko 4-6 euro arteko gainkostuak eragin ditzake saneamenduaren mantentze lanetan. Gipuzkoan 3,5 milioi euroko gainkostua eragingo luke.
Datozen asteetan udalak eta Añarbeko Urak erakundeak publizitate kanpaina bat abiatuko dute komununaren erabilera egokia sustatzeko helburuarekin. Batetik, Gune Publikoetako sailak kanpainaren kartelak jarriko ditu udal eraikinetako sarbide publiko guztietan. Era berean, irratian mezu berari buruzko iragarkiak entzungo dira. Horrez gain, Añarbeko Urak-ek hiriko autobusen kanpoaldean eta Euskotrenen bagoietan publizitatea jarriko du.
2017ko urrian Loiolako araztegira iristen diren hiru ur biltzaile nagusietako bat oztopatu zuen hondakinen pilaketa batek. Añarbeko Urak erakundeko arduradunek arazoari irtenbidea emateko lana gogor egin behar izan zuten. IRUTXULOKO HITZAk erreportaje batean jaso zuen gertaturikoa.