'Utzi zure mezua seinalearen ondoren' antzezlana egingo dute asteburuan
Fernando Bernues zuzendari donostiarrak zuzendutako Utzi zure mezua seinalearen ondoren antzezlana ikusgai egongo da asteburuan Antzoki Zaharrean. Beste donostiar baten, Arantza Portabalesen, obraren adaptazioa da antzezlan hori, eta hilaren 21ean eta 22an, 20:00etan, egingo dute euskaraz. Gaztelaniazko bertsioa, aldiz, hilaren 23an (20:00etan) eta 24an (19:00etan) egingo dute.
Lau emakumeren –Marina, Carmela, Sara eta Viviana– istorioa kontatzen du obrak. Lauak ez dira gai dituzten arazoen kontra aurrez aurre joateko, eta erantzungailu automatiko baten bitartez adierazten dituzte euren sentimenduak. Marina dibortzioetan espezializatutako abokatua da, eta bere senarrak utzi izanari aurre egin behar dio; Carmelak minbizia dauka eta ez daki nola esan agur bere semeari; Sara familia dirudun batekoa da eta laster ezkonduko da, baina presioak bere buruaz beste egiten saiatzera eraman du; eta Viviana Madrilgo prostituta bat da, nahiz eta bere gurasoek Ikea enpresan lan egiten duela pentsatzen duten.
Miren Arrietak, Mireia Gabilondok, Oihana Maritorenak eta Leire Ruizek interpretatzen dituzte lau emakume horiek. Beraz, donostiar asko dituen obra bat da Utzi zure mezua seinalearen ondoren. Izan ere, Portabales eta Bernuesez gain, lau aktoreetatik bi Donostiakoak dira, Arrieta eta Maritorena, hain justu. Antzezlanaren harira, Arrieta elkarrizketatu du IRUTXULOKO HITZAk, eta ostiraleko astekarian egongo da irakurgai elkarrizketa, Hamabietan bermuta atalean.