Zibersegurtasun Industrialeko Zentroa inauguratu dute
Ziber-erasoen prebentziorako Gipuzkoako industriaren aliatu “estrategiko” bilakatzea du helburu ZIUR Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak. Pasa den astean inauguratu zuten egoitza Ibaetako Zuatzu enpresa parkean.
Gipuzkoa zibersegurtasun industrialean Europa mailako erreferentzia bilakatu dadin lan egingo dute. ZIURek “jauzi kualitatiboa” ekarriko duela adierazi zuen Eneko Goia alkateak. “Enpresa eta ekonomia ehunaren sendotasuna areagotzea ekarriko du, kontuan izanda komunikazioen segurtasuna hil ala biziko gaia dela enpresen lehiakortasuna bermatzeko orduan”.
Era berean, zpiegitura berri honek Donostiaren “posizionamendua” indartu egiten duela gaineratu zuen alkateak, “ezagutza aurreratuari lotutako hiri eta lurralde osorako zerbitzu gune gisara”.
Aurkezpenean Goiarekin batera parte hartu zuen Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, eta ZIUR zentroko zuzendari Carlos Abadek. Hain zuzen ere, ZIUR fundazioa osatzen duten erakunde nagusiak dira Gipuzkoako Aldundia eta Donostiako Udala.
Zentroaren ezaugarriak
Egoitzak 250 metro karratuko espazioa hartuko du. Instalazio aurreratuenekin ekipatu dute, zibersegurtasun industrialeko zentroak izango dituen bi ekintza lerro nagusiei erantzun ahal izateko: hau da, ezagutza sortzea eta, ondoren, jakintza hori enpresa ehunean zabaltzea.
Instalazio hauen diseinu eta atontzeak milioi bateko inbertsioa eragin du 2018 eta 2019an. Zifra horri gehitu behar zaie laborategiko ekipamenduetarako erabiliko diren 500.000 euro gehiago. Aipatzekoa da laborategiaren ezaugarriak eta teknologia lurraldeko enpresekin elkarlanean definitu direla.