Aieteko bidegorriaren lanak hasi dituzte, eta uda hasierarako bukatuko dute lehen zatia
Aiete pasealekuko bidegorriaren lanak abiatu dituzte, Donostiako Udalak hedabide honi baieztatu dionez. 2020ko uda hasierarako bidegorriaren lehen zatia bukatuta egotea aurreikusten du udalak.
Azken egunetan makineria berria eraman dute Aieteko anbulatorioa eraikitzen ari diren eremura, eta obretako etxolak jarri dituzte Munto kalean. Bidegorria jartzeko espaloiak altxatzen hasi dira, eta hori aprobetxatu dute saneamendu sarea ere berritzeko. Zubieder enpresa ari da lanak egiten, eta eurak arduratuko dira Aiete eta Oriamendi paselekuen arteko bidegorria egiteaz.
Lantxabe auzo elkarteak bidegorriaren lanak hastear zirela iragarri zuen Interneten, eta udalak baieztatu du dagoeneko abiatu direla.