Gure Esku: "Argi dugu bidea, eta larunbatean Urgullen argiztatu egingo dugu"
Larunbatean, Gure Eskuk ekitaldi berezia egingo du Donostiako galdeketaren urteurrena ospatu eta 2020ko udaberrian gauzatuko duen erreferendumaren aldeko herri ekimenari bultzada emateko. Egun horretan, herritarrek Urgull mendia argiztatuko dute erreferendumerako bidea irudikatzeko, eta, ondoren, Konstituzio plazan jai giroko beste ekitaldi bat izango dute.
Donostiako lantaldeko Maria Mungiak eta Ibon Rosalesek ekitaldian parte hartzeko deia egin diete herritarrei: “Argi dugu bidea, eta larunbatean Urgullen argiztatu egingo dugu”. Ekimena behar den modura egiteko, linternak, fokuak eta pilak eramateko eskatu diote jendeari, eta mendira igo aurretik 17:30ean Apaizen pasealekuan elkartzeko deia zabaldu diete herritarrei.
IRUTXULOKO HITZA Gure Eskuko kideekin elkartu da aste honetan, larunbateko ekitaldiari eta hemendik aurrera garatuko duten herri ekimenari buruz hitz egiteko. Erreportajea ostiraleko astekarian egongo da irakurgai.