Santa Klarako esku hartze artistikoaren aurrekontua argitzeko eskatu diote udal gobernuari
Bi kontrol mozio aurkeztu dituzte azaroko udalbatzarrean, Santa Klarako itsasargiko esku hartze artistikoaren azalpenak eskatzeko. Bigarrena batera aurkeztu dute Elkarrekin Donostiak eta EH Bilduk. Zehazki, aurrekontu totala hiru hilabeteko epean esateko eskatu diote udal gobernuari. Datu hori eman bitartean lanak gelditzeko eskatu dute. Kontra bozkatu dute EAJk eta PSE-EEk, eta informazio hori ezagutzearen alde egin du PPk.
Eztabaida sortu da mozio aurkeztu dutenen eta udal gobernua osatzen duten alderdien artean. “Gainkostua dagoela iruditzen zaigu”, esan du Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotziak. “Kostua esandakoa baino handiagoa izango da. Hasieran 1,5 milioi eurokoa izango zela adierazi zenuten, eta dagoeneko 3,7 milioi eurora igo da”, gaineratu du Elkarrekin Donostiako zinegotzi Haizea Garaik.
Oposizioko bi alderdiek azpimarratu dute ez daudela Cristina Iglesiasen eskulturaren kontra. Aldiz, ez daude ados itsasargian kokatzearekin, eremuan obrak eragin ditzakeen afekzioengatik. Ernesto Gasco bozeramaile sozialistak argudioak nahastea egotzi die: “Haizean Orrazian esku artistikoa egin zen. Orain trabak jartzen ari direnek ez zuten baimenduko. Txarra da kulturan inbertitzea? Gainera, Cristina Iglesias ibilbide luzeko artista ezaguna da, eta eskultura doan emango dio hiriari”. Aurrekontu erreala zenbatekoa izango den jakitea ulertzen duela esan du Gascok, baina hori jakin arte lanekin bukatzearen kontra agertu da.
Zorrotzagoa izan da Jon Insausti EAJren bozeramailea: “Obraren kostua zein balorazioa ekonomikoa, eta itsasargian egin beharko den obra zibila bereizi behar dira. Bi gastu desberdin dira. Gainera, kostua progresiboa izango da aurrekontua aldatu ahala”. Horrekin batera, Insaustik Santa Klarako esku hartze artistikoak duen balioa nabarmendu du. “Hiri honek kultura alorrean duen apustu eta inbertsio handienetakoa da, eta bertan behera uzteko eskatzen ari zarete. Halako proiektuak abian jartzen direnean, automatikoki, sektore zein alderdi jakin batzuk kontra agertzen dira. Ezezkoaren politika da. Beti agertzen da ‘ez dakit zer bizirik’ gisako plataforma bat. Uste dut denborak bakoitza bere lekuan jartzen duela”.
Iglesiasek bere obra jartzeko Santa Klarako itsasargia aukeratu izana errespetatu behar dela adierazi dute udal gobernuko bi alderdiek. “Berak Santa Klaran jarri nahi du”, esan du Gascok. Horri erantzun dio Garaik, esanez, artistak kokapena aukeratu duelako “bai ala bai” errespetatzea ez dela irizpide egokiena. “Hiriaren proiektu kultural garrantzitsuena denez, ondo iruditzen zaizue 8 milioi euroko kostua izaten bukatzen badu. Hasieran milioi euro pasako datua eman zenuten jendea horrekin geratzeko. Gerora kostua igotzen ari zarene inor ez delako konturatuko”.