Xuliaren memoria ariketa
‘Xulia’
Zuzendaria: Lur Olaizola
Urtea: 2019
Herrialdea: Euskal Herria
Lur Olaizola donostiarraren Xulia film laburrak eman dio hasiera Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiari. Filma bera bidaia pertsonala da, Xulia izeneko protagonistaren eskutik, heroinak eta hiesak triskantza handia eragin zuen garaira egindako bidaia. 1985. urtean, Biurrun izeneko herrian zegoen desintoxikazio zentro batera, hain zuzen.
Orain dela sei urte Olaizolak Futuro imperfecto liburua irakurri zuen, Xuliak liburu bilakatutako memoria ariketa, eta horrek denborak berak ezabatu duen historiako momentu baten inguruan hausnartzera bultzatu zuen. Egun, heroina eta hiesaren inguruko informazio asko daukagu, baina heroina nagusitu zen garai hartan inork ez zuen uste hiesaren ondorio zuzena izan zitekeenik. Liburua filmaren abiapuntua izan arren, Xulia ez da obra honen moldaketa hutsa. Olaizola zinemaren lengoaia erabiliz gerturatu da kontakizun honetara, Xuliaren eskutik denboran bidaiatuz eta historia berridatziz.
Horretarako, filmaren talde osoa Xuliarekin batera honen bizitza markatu zuen lekura itzuliko da, garai batean errehabilitazio zentroa zegoen zelaira. Horrela, errodaje-plan finkorik gabe, bere kabuz zelaietatik pasieran doala, garai hartako oroitzapenak, sentimenak, ametsak eta kezkak ezagutaraziko dizkigu. Eraikina eraitsia izan bada ere, Xuliak pantaila handian berreraikiko du guretzat bertan gertatutakoa.
Gainera, filmaren argazkia ezin-hobea da gertutik filmatuko baitute Xulia paisaia haizetsuan murgiltzen den heinean. Horrek zuhaitz eta bide berri bakoitza atzemango ditu, zentro horretan bizi izandako bizipenak oso gogoan baititu, bai alaiak diren oroimenak, baita mingarriak direnak ere. Xuliaren indarrak eta paisaiaren indarrak bat egiten dute guztiz.
Eta Lur Olaizolak eta Maddi Barberrek (592 metroz goiti eta Urpean lurra), elkarlanean gauzatu duten filmaren muntaia egokia da oso. Xuliaren hitzek, bere garaian idatzi zituenak eta artxiboko irudien nahasketaren emaitza direnak, horren erretratu fidela aurkeztuko dute. Ikusleari gupida-jarrera eskatu gabe, Xuliak iraganera jotzen du ausardia handiz, belaunaldi oso baten memorian dagoen garaira, bere kontakizun pertsonala ikusleekin partekatzeko. Film laburra bukatu eta jakin-mina piztuta. Hamaika galdera airean eta iraganeko tabu bat azaleratzeko garaia.
Esan bezala, Lur Olaizolaren lehen lan hau Zinebiko Sail Ofizialean estreinatu berri da eta Xixongo Nazioarteko Zinema Jaialdian lehiatuko da ere. Ibilbide arrakastatsua opa diot, benetan, iraganeko aztarnak hartu, eta bai heroinaren bai hiesaren tabua mahai-gaineratzen duen film honi.