Ba Gera merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresen elkartea sortu dute
Aste honetan aurkeztu dute Ba Gera elkartea. Donostiako auzo guztietako establezimenduei ahotsa eman nahi diete, eta hiriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresen interesen alde lan egingo dute.
Ez daude ados hiriko merkataritzaren kudeaketarekin. Horregatik, pauso bat aurrera eman dute. “Bertako eta gertuko merkataritza laguntzeko diskurtso bat dago, baina ekintzek erakusten dute beste egitura batzuk babesten direla”, azaldu du Lourdes Lazaro elkarteko arduradunak. “Ba Gera elkartearen helburua da behar bezala babestea eta promozionatzea sektorearen interesak”.
Behin elkartea osatuta, lanerako mahaiak abian jarri nahi dituzte auzoetan, sektore guztiekin hitz egin eta merkataritza zerbitzuen zerrenda bat sortzeko. Garatuko dituzten proiektuen artean daude Denda Go plataforma digitala eta Euskal Produktuak. Internet bidezko salmenta erraztu nahi diete merkatari txikiei. Sektorearentzako aldizkari bat ere argitaratzeko asmoa dute.