Bakailao konfitatua piperradarekin
OSAGAIAK
- Bakailaoa.
- Tomatea.
- Piper berdea.
- Piper gorria.
- Tipula.
- Baratxuria.
- Oliba olioa.
- Gatza.
- Patata.
PRESTAKETA
Teresatxo jatetxeko plater goxo hau prestatzeko, lehendabizi, bakailaoa konfitatzen jarriko dugu, olioarekin eta baratxuriarekin, oso tenperatura baxuan.
Bitartean, beste zartagin batean, tipula, piper berdea eta piper gorria pixkanaka poxatuko ditugu. Eginda daudenean, tomatea botako diegu. Era berean, patata zapalak labean egingo ditugu, tipula eta olio pixka batekin.
Azkenik, platerean patata base bat jarriko dugu, bakailaoa jarriko dugu gainean, eta piperrada botako diogu. On egin!
“Kalitatezko janari tradizionala oso azkar ematen dugu”
Garbiñe Arrizabalaga
Nola sortu zen Teresatxo jatetxea?
Nire amona Aiatik etorri zen, eta Teresatxo sortu zuen, esnea saltzeko. Berehala, ordea, Kaiku ireki zuten, eta ardo barrikak saltzen hasi zen. Inguruko langileak hona bazkaltzera etortzen hasi ziren, horrela, pixkanaka, jatetxe izatera iritsiz. Ondoren, nire gurasoek hartu zuten jatetxearen ardura, eta nik 11 urte nituenetik daramat tabernan.
Nondik datorkio izena?
Teresatxo izeneko baserri bat zen, eta hortik datorkio izena. Nire amonak ez zion izenik jarri ere, zegoena utzi zuen.
Baserria bota zutenean, lau urtez geldirik egon zen jatetxea. Azkenean, berriz ireki genuen, eta ni arduratu naiz jatetxeaz duela 13 urte.
Zein janari mota ematen duzue?
Menua daukagu, bai asteburukoa eta bai aste barrukoa. Bestalde, plater konbinatuak, razioak, pintxoak eta hemen egindako postreak ere baditugu. Kalitatezko janari tradizionala azkartasun handiarekin ematen dugu.
Nolako bezeroak dituzue?
Lehen, txikitero asko etortzen ziren, baina zahartu egin dira, eta ohitura hori ez dago, gaur egun. Txikitoak hartzeko ohitura moduko bat dago, baina ardo bereziagoekin. Bestalde, kamiolari eta taxilari asko etorri izan dira betidanik, eta horrela jarraitzen du izaten.
Horretaz gain, gazte asko etortzen dira hanburgesak eta plater konbinatuak jatera, merkea delako. Eguerdian langile asko etortzen dira, eta bigarren orduan inguruko bulegoetako jende asko.
Berezitasunik duzue?
Betidanik bakailaoa eta txipiroiak egin izan ditugu. Asteburuetan menu bereziagoa dugu, txangurro entsaladarekin eta arkume errearekin, besteak beste.
Gomendatuko zenuke Donostiako beste taberna edo jatetxeren bat?
Ez naiz hemendik asko ateratzen, baina beti esan didate Lukainkategin ondo jaten dela.