Erreferendumera heltzeko bidea argiztatuko dute
Euskal Herriarren burujabetza lortzeko bidea zein den argi dutela irudikatzeko, Gure Eskuko kideek ekitaldi berezia egingo dute bihar Donostian: linternak eta fokuak erabiliz, Urgulleko Orixe Ikastolatik Damen Bateriara doan 360 metroko bidea argiztatuko dute.
Herritarrek gogoz erantzun eta Urgull modu ikusgarrian argiztatuko dutela uste dute Ibon Rosales, Amalur Alvarez eta Maria Mungia Gure Eskuko kideek. (Argazkia: Iñaki Agirre) Bi mezu zehatz dituen ekitaldia izango da Gure Eskuk larunbatean Donostian egingo duena. Batetik, Kataluniako herriari elkartasuna adieraztea bilatuko du, “demokraziaren aurkako epaiari aurre egiteko”, eta, bestetik, “oztopoen eta errepresioaren aurrean”, euskaldunek euren burujabetzarako bidea zein den argi dutela adieraziko du. Bi mezuak, ordea, planteamendu berean uztartu ditu Amalur Alvarezek, Gure Eskuko bozeramaileak. Izan ere, bere ustez, “Kataluniari elkartasuna adierazteko modurik onena da Euskal Herrian gure bide propioa eraikitzea, eta biharko ekitaldian erakutsiko dugu bide hori zein den oso argi dugula, eta baita eraiki egingo dugula ere”.
Azken egunetan, Gure Eskuren Donostiako lantaldea buru-belarri aritu da egitasmoa behar den modura prestatzen. Talde horretako kideak dira Ibon Rosales eta Maria Mungia, eta orain arte hirian egin diren beste ekitaldietan bezala (giza katea eta galdeketa, besteak beste), honakoan ere jendeak deialdiari gogoz erantzungo duela uste dute.
Ekitaldia bi txandatan antolatu dute. Lehenik, 17:30ean, Urgulleko Apaizen pasealekuaren hasieran elkartuko dira, eta hortik abiatuta, mendian gora egingo dute. Hor bildutako jendea bi multzotan banatuko dute orduan. Batetik, ilara luze bat osatuko dute Orixe Ikastolatik Damen Bateriara doan 360 metroko ibilbidean, eta bestetik, talde bat gailurreko Mota gaztelura igoko dute. Behin leku horietan kokaturik, etxetik ekarritako linternak eta fokuak pizteko deia egingo diete herritarrei, denen artean mendia argitu eta Montserraten (Katalunia) eta Aiako Harrian osaturiko elkartasun irudia errepikatzeko.
Ondoren, argien txanda amaituta, ekitaldi berezi bat egingo dute Parte Zaharreko Konstituzio plazan, Gure Eskuk Donostiako galdeketa egin zuenetik urtebete igaro dela ospatzeko. Rosalesek azaldu duenez, “ospakizun jaialdi bat izango da, galdeketan parte hartu zuten guztiak zoriondu eta nolabait eskerrak emateko”.
Galdeketaren urteurrena
2018ko azaroaren 16an, Donostiak, Irun, Zalla, Balmaseda eta Alonsotegirekin batera, Gure Eskuren galdeketa jaso zuen. Egun horretan, Gipuzkoako hiriburua erabakitzeko eskubidearen aldeko galdeketa bat egin zen lehen euskal hiriburua bilakatu zen, eta 2.000 boluntarioren lanari esker, 21.021 donostiarrek (hautesle erroldaren %14) bozketan parte hartu zuten.
Gure Eskuk gaur arte eginiko sei urteko ibilbidean, Donostiako galdeketa «mugarri» bat izan zela adierazi du Alvarezek, ariketa demokratikoa hiriburu batean gauzatu eta jendea mobilizatzeko gai zirela erakutsi zuelako. Gainera, erabakitzeko eskubidearen inguruan eginiko pedagogia eta ahalduntzeagatik, euskal gizartean “aztarna garrantzitsua” utzi zuela uste du, hemendik aurrera antolatuko diren mobilizazioak garatzeko beharrezkoa izan zela azpimarratuz.
Herri ekimenaren bidea
Datorrenari begira, eta burujabetzaren bidean pausoak ematen jarraitzeko helburuarekin, Gure Eskuk erreferendumaren aldeko herri ekimena aurkeztu zuen joan den astean Donostian. Plataformaren asmoa da Euskal Herrian egin den sinadura bilketarik handiena egitea, herritarren erabakitzeko eskubidea bermatuko lukeen erreferendum lege bat sortzeko helburuarekin.
2020ko udaberrian egin nahi duten ekimen horrekin, eskala handiago baterako jauzia egingo dutela nabarmendu Mungiak: “Iaz Donostian herrietatik hiribururako jauzia egin genuen, eta orain, berriz, jauzi zabalago bat egitera goaz”. Hain zuzen, egitasmo berria euskal lurralde guztietan garatu nahi du Gure Eskuk, hura nola gauzatzeko erabakia tokian tokiko eragileen eskuetan utzita. Helburua, ordea, berdina izango da leku guztietan: erakunde publikoak erreferendum lege bat sortzera bultzatzea.
Hori lortu ahal izateko, erabakitzeko eskubidearen aldeko oinarri soziala zabaltzeko beharra azpimarratu du Gure Eskuk, eta bere kideak dagoeneko sinadura bilketari begirako manifestu bateratu batean lanean ari dira, herrialdeko beste eragile askorekin batera.
Ekimena auzo eta herrietako norbanakoen eta eragileen bitartez gauzatuko da, eta eraikuntza prozesu hori aurrera eramateko, Elkarguneak izeneko espazioak sortuko dituzte zonalde bakoitzean. Gure Eskuren asmoa da Elkargune horiek herritarren gehiengoa islatzera iristea, arlo ugaritako eragileak uztartuz: kirol elkarteak, guraso taldeak, aisialdi eta mendi elkarteak…
Donostiako Elkarguneari erreferentzia eginez, Rosalesek gogoratu du iazko galdeketako galdera zein izango zen erabakitzeko Adosgune bat sortu zela hiriko hainbat eragilerekin, eta hemendik aurrerako erronka sare hori are gehiago zabaltzea izango dela azpimarratu dute Gure Eskuko kideek.

