Hautsak harrotu ditu Antiguako muino bateko lur-jausiak
Zarautz kaleko mendi magalaren zati bat erori da, eta bizilagunek diote metroaren lanek eragin dutela. Hipotesi guztiak irekita daudela adierazi du udalak.
Luizi bat gertatu zen astearte goizaldean Antiguako Zarautz kalean. Zehazki, 31 eta 33 zenbakietako Lizarriturri etxeen atzeko mendi magaletik arroka eta lur puska handiak jausi ziren. Era berean, bi etxabetan sartu zen lurra, eta horietan bizi diren zazpi lagun aterarazi zituzten. Inguruko ostatu batera eraman zituzten, eta hainbat egunez han geratu beharko dute. Izan ere, mendi magala egonkortu eta eroritako materiala erretiratzeko «egunak» beharko direla adierazi zuen herenegun Martin Ibabe Herri Segurtasuneko zinegotziak. Lur-jausiaren eraginez, gas leherketa batzuk ere gertatu ziren, eroritako lurrak eta arrokek gas instalazioa estali zutelako.
Gertatutakoa ikertzen ari da Donostiako Udala. «Hipotesi guztiak irekita daude. Teknikariek txosten bat egingo dute gertatu dena azaltzeko. Ahalik eta azkarren izatea nahiko genuke. Une honetan, teknikarien lehentasuna da magala egonkortzea eta materiala erretiratzea», adierazi zuen Ibabek.
Dena dela, ezbeharraren egun berean udalak eta Eusko Trenbide Sareak ukatu egin zuten luiziaren eta metroaren lanen arteko lotura: «Lur-jausia metroaren obrek eragin dutela ziurtatzen duen inolako daturik ez dago», adierazi zuen udalak. Biek, ETSk eta udalak –obraren arduradunak– azken egunetako euriteekin lotu zuten gertakaria.
Bizilagunek, aldiz, hasieratik azpimarratu dute eraikin ondoko metroaren obrek harreman zuzena dutela luiziarekin. Iritzi berekoa da Satorralaia bizilagunen mugimendua. Lur-jausia lanek eragin dutela salatu dute ohar baten bidez. Mendi magal horretan zulatu dute Bentaberri geltokiko «leize handia», eta gertakariarekin lotura duela diote.
Luizi gehiago egon daitezkeela ohartarazi du Satorralaiak, eta Zarautz kaleko etxejabeen elkarteak salatu izan duela luiziak gertatzeko arriskua zegoela eremu horretan. Esaterako, 2017ko irailean hainbat bizilagunek protesta egin zuten udaletxe aurrean. Bereziki, kezka agertu zuten lanengatik Zarautz kaleko muinoan gerta zitekeenarekin. Satorralaiak nabarmendu duenez, «aspalditik» jakina zen mendi magalaren egoera «ezegonkorra» zela.
Bestalde, bizilagunek adierazi dute obrak hasi zirenetik menditik jaisten den ur kopurua areagotu egin dela. Hain zuzen ere, erori den hormaren azpian dagoen ubideak gainezka egiten duela jakinarazi diote hainbatetan udalari. Astekari honen edizioa ixteko orduan, EH Bilduren taldeak udalbatzarrera eraman behar zuen Antiguako luiziaren gaia, Eneko Goia alkateari azalpenak eskatzeko.
Fiskaltzaren ikerketa
Satorralaiak metroaren igarobidearen kontra «urraketa larriengatik» jarritako salaketa onartu zuen pasa den astean Gipuzkoako Fiskaltzak, eta azpiegituraren eraikuntza lanak ikertzen hasi da. Satorralaiak salatutakoak «segurtasun kolektiboaren kontrako delituen artean jaso daitezkeen» ebatziko du fiskaltzak. Horregatik, lanei buruzko «txosten zehatzak» bidaltzeko eskatu die bai Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura Sailari, baita metroaren eraikuntza proiektua egin zuen Prointec enpresari ere.
Urriaren 22an aurkeztu zuen salaketa Satorralaiak, Egiako epaitegian. Hans Heydemann ingeniari alemaniarrak metroaren igarobidearen inguruan egindako txostena da salaketaren oinarria. Igarobidearen lanetan eraikuntza arauak eta gomendioak urratzen direla dio tuneletako segurtasunean, larrialdi irteeretan eta elbarritasun bat duten pertsonak ebakuatzeko baldintzetan.
Heydemann Donostiara etorri zen txostena aurkeztera, eta Irutxuloko Hitzak elkarrizketatu zuen. Urteak daramatza burbinbideko azpiegituren segurtasunean lanean, eta sute arriskuen prebentzioan aditua da. «Urratzen diren segurtasun neurriei dagokienez, metroak ezin du larrialdi irteera bakar bat izan lau kilometroko ibilbidean». Hain zuzen ere, Pio Baroja pasealekuan egongo da igarobidearen larrialdi irteera bakarra. «Eusko Jaurlaritza burdinbideen AEBetako NFPA 130 araudian oinarritu da segurtasun arauak betetzen dituela esateko. Ordea, ez da egia».
Metroaren igarobideaz galdetuta, alemaniarrak argi du ez dela beharrezkoa. «Donostiaren tamainako hiri batek ez du horrelako azpiegitura baten beharrik. Obra handia da, eta garestiegia. Hiriko autobus sarearekin eta egungo tren zerbitzuekin nahikoa dela esango nuke».