Ibaetako Euskararen Eguna, iruditan
Euskararen Eguna ospatu dute asteburu honetan Ibaetan, eta askotariko jardueraz gozatzeko aukera izan dute auzotarrek. Ostiralean hasi ziren jarduerekin, Karlos Santamaria plazako frontoiko horma-irudia margotuz. Ondoren, euskal liburu, disko eta filmak elkar trukatzeko azoka egin zuten, eta haurren aurpegiak margotu ondoren, dantzaldiarekin bukatu zuten. Larunbatean, ordea, goizetik egon zen jai giroa auzoan, Ekain-Txou pailazoaren emanaldia, euskal tortilla txapelketa eta kantujira egin baitzituzten bazkaldu aurretik. Sabela ondo bete ondoren, buruhandi ikastaroa eta topaketa, txokolate jana eta bertso-poteoa egin zituzten, asteburuari giro paregabean agur esateko.