Antiguako luizia jasan duten bizilagunei hitza ematea eskatu du EH Bilduk
Eneko Goia alkateak Zarautz kalean gertaturiko lur-jausiaren arrazoiak azalduko ditu bihar, Lurraldearen Garapen eta Planifikazio ezohiko batzordean. EH Bilduren udal taldeak pasa den asteko udalbatzarrean eskatu zion azalpenak emateko, baina udal teknikarien txostenak izan arte gertaturikoaren inguruko balorazioarik egingo ez zuela adierazi zuen.
Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotziak agerraldia egin du gaur, eta alkateari bi eskaera berri zuzendu dizkio. Batetik, Antiguako bizilagun kaltetuen segurtasuna bermatzeko, eta bestetik, batzordean hitz egiteko aukera emateko. Araudiak esaten duenaren inguruan galdeginda, Alkizak adierazi du udalbatzako eta batzordeko presidenteak aukera dutela bizilagunei hitza emateko. Iragan asteko udalbatzarrean Goiak hitza ukatu zion bizilagun bati araudiak horretarako aukerarik ematen ez duela argudiatuta. Herritar batek udalbatzarrean parte hartzeko eskaera egin dezake, baina prozesua bost eta sei hilabetekoa izan daiteke eskatzen denetik tramitatu eta onartzen den arte.
“Udalak Euskal Trenbide Sarearekiko duen erabateko mendekotasun horrekin amaitu behar du”, adierazi du Alkizak. Metroaren igarobidearen obrari dagokionez, udal gobernuak “ahots propioarekin jokatzen hasi” behar duela gaineratu du.
Mendi magala egonkortzen
EH Bilduk prentsaurrekoa eman aurretik, Antiguako luiziaren inguruan galdetu diote kazetariek Goiari. “Udalak hasieratik du egoera kontrolpean”, adierazi du. Bizilagunak dagoeneko euren etxebizitzetara itzuli direla baieztatu du, eta mendi magala egonkortzeko lanek aurrera jarraitzen dutela. Zehazki, sarea jarri dute muinoan eta jausitako arrokak erretiratu dituzte. Aldiz, gas instalazio berri bat jarri beharko da luiziak hondatu egin zuelako.
“Batzuei berdin zaie zer esango dudan, dena dakitelako”, adierazi du Goiak, udal gobernuaren kudeaketa kritikatu dutenei erreferentzia eginez. Alkatearen ustez alderdi batzuek hasieratik “hipotesi bakarra” dagoela uste dute. Hau da, metro igarobidearen lanek eragin zutela lur-jausia. Horren inguruko azalpenak biharko batzordean emango dituela azpimarratu du.