Azken hiru hilabeteetan hiru lapurreta egin dituzte Letaman gaztetxean
Abenduaren 14an gaztetxeko kideek auzolan bat egingo dute jasandako kalteak konpontzeko.
Astelehenetik astearterako gauean lapurreta bat izan da Intxaurrondoko Letaman gaztetxean, azken hiru hilabeteetako hirugarrena. Honakoan oraindik zer lapurtu dieten ez dakiten arren, sare sozialen bidez eginiko salaketan Intxaurrondoko Gazte Asanbladako kideek azaldu dute “nazkatuta” daudela.
Jasandako “eraso” berriaren ostean, gaztetxera joan eta espazioa normaltasunera bueltatzeko laguntza eskatu diete auzotarrei. Gainera, lapurretek eragindako kalteak konpontzeko, abenduaren 14an auzolan bat egingo dutela iragarri dute. 10:00etatik 19:00etara bitarte izango da, eta bazkaria izango dute gaztetxean.
“Oso gutxinaka lortzen ditugun baliabide kolektiboek auzoaren beharrei ekarpena egitea dute helburu”, adierazi dute Letamaneko kideek, eta halako erasoak eraldaketa sozialaren zailtasun eta oztopoen adibide direla azpimarratuz, haien erantzuna eguneroko jardunarekin jarraitzea izango dela iragarri dute.
Joan den astean berriro sartu ziren gaztetxera lapurreta egitera, eta gaztetxeko bafle bat eta alkohola desagertu ziren. Horrez gain, leiho bat apurtu zuten, eta eraikinaren barruko material guztia hankaz gora utzi zuten.
Azken hiru hilabeteetan 3 lapurretak jasan ditugu.
— Intxaurrondoko Letaman Gaztetxea (@letamangaztetxe) November 26, 2019
Materiala lapurtu eta espazioa txikitu dute. Gaurko gauean berriz sartu dira eta honengatik 14ean zegoen auzolanaz gain gaurkoan ere auzolana deitzera behartuak ikusten gara.
Beraz gaztetxera gerturatu! pic.twitter.com/9b5U5hk663