Santa Klarako itsasargia husteko epea hilabete eta erdi luzatu du udalak
Eguraldi txarrak atzerapena eragin du Santa Klara uharteko itsasargiaren lanetan. Horregatik, barrualdea eraitsi eta husteko proiektua hilabete eta 16 egun luzatzea erabaki du Donostiako Udalak. Lan horiek bukatzeko epe berri bat ezarri dute: 2020ko otsailaren 1a. Aldiz, 2020ko irailerako aurreikusten du udalak itsasargiko lanekin bukatzea.
Eneko Goia alkateak adierazi duenez, azken egunetan lan eremura sartzeko zailtasunak egon dira eurite eta haizeteengatik. Une honetan, itsasargian hainbat aldaketa egiten ari dira. Esaterako, itsasargiaren teilatuan haizearen abiadura neurtzeko Euskalmeten tresna bat dago, eta eraikinaren albo batera mugituko dute. Gauza bera egingo dute eraikinak dituen eguzki panelekin.
Proiektuaren aurrekontu osoaren inguruan galdegin diote Goiari, eta Jon Insausti Kultura zinegotziak emandako azalpena berretsi du. Hau da, proiektuak bere baitan hiru fase dituela –hustutzea, biziberritzea eta eskultura jartzea–, eta bakoitzak bere kostua. Orain arte 3,7 milioi euroko aurrekontua onartu du udal gobernuak.
Alkatea kritiko agertu da itsasargiko proiektuaren kontra daudenekin: “Zintzoagoa litzateke esatea proiektua ez dutela gustuko. Uhartea babesteko eskatzen ari dira azken 50 urtetan gogoratu ez direnean. Santa Klara uhartean aztarna arkeologikoak zeudela zioten, eta frogatu da ez dela horrela”.