Alfa Arte enpresa ari da Cristina Iglesiasen eskultura fabrikatzen
Aurrera doa Santa Klarako itsasargiaren barrualdean Cristina Iglesiasek jarriko duen eskulturaren lanaren sorkuntza prozesua. Alfa Arte enpresak Eibarren dituen tailerretan ari dira garatzen. Zehazki, itsasargiaren barruan kokatuko den brontzezko ontzia fabrikatzen ari dira.
Enpresan izan dira gaur artistarekin batera, besteak beste, Eneko Goia alkatea eta Denis Itxaso Kultura diputatua. Brontzezko piezaren lanak erritmo onean doazela adierazi die Iglesiasek. Fabrikazioaz arduratzen den enpresako arduradunen kalkuluen arabera, 10×8 metroko azalera, 5 metroko altuera eta 15 tonako pisua duen pieza aurreikusitako epeetan amaituta egon liteke.
Goiak esan du lanek beren bidea jarraitzen dutela, nahiz eta azken asteetako eguraldi txarrak langileei uhartera sartzea eragotzi dien. Dena dela, udalak aurreikusitako epeei eusten die, eta obra 2020ko udazkenean jarrita eta ikusgai egotea espero da. “Donostiak erreferente kultural berri bat izan dezan, gure egungo eskultore internazionalarenak egina”. Bestalde, Iglesiasek adierazi duenez, obra gauzatzea “oso lan zaindua, zehatza eta neketsua” izaten ari da.