Argitzeko dago Antiguako lur-jausia zerk eragin zuen
Donostiako Udalak ikerketa geologiko-geotekniko bat eskatu dio Ikerlur enpresari, eta txosten tekniko hori «ahalik eta azkarren» izatea espero dute.
Hilaren 19ko Antiguako luizia zerk eragin zuen argitzeko dago. Hori dela eta, Donostiako Udalak ikerketa geologiko-geotekniko bat eskatu dio Ikerlur enpresari, eta txosten tekniko hori «ahalik eta azkarren» izatea espero dute. Aldiz, Hirigintza sailak egindako aurretiazko ikerketa txostenaren arabera, euriteek eragin zuten lur-jausia. Zarautz kaleko bizilagunek, ordea, uste dute metroaren lanek lotura dutela gertaturikoarekin.
Lurraldearen Garapen eta Planifikazioaren ezohiko batzordea egin zuten udaletxean, herenegun. Eneko Goia alkateak parte hartu zuen Antiguako ezbeharraren inguruko azalpenak emateko. Bizilagun kaltetuei hitza emateko eta euren segurtasuna bermatzeko eskatu zion Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotziak. Horrekin batera, luiziaren arrazoiak argitu behar direla esan zuen Elkarrekin Donostiaren bozeramaile Aitzole Aranetak.
Zarautz kaleko lur-jausiari dagokionez, udalak «hasieratik zuzen jokatu duela» azpimarratu zuen, eta baliabide guztiak jarri zirela bizilagunei laguntzeko. Astearteko prentsaurrekoan adierazi zuen bizilagunak dagoeneko euren etxebizitzetara itzuli direla, eta mendi magala egonkortzeko lanek aurrera jarraitzen dutela. Zehazki, sarea jarri zuten eta jausitako arrokak erretiratu zituzten. Bestalde, gas instalazio berri bat jarri beharko da luiziak hondatu egin zuelako.
Mendi magalaren historia
«100 urte baino gehiago ditu mendi magaleko hormak, eta historikoki arazoak eman ditu», adierazi zuen Goiak asteazkeneko batzordean. 1992tik gaur egun arte beste lur-jausi batzuk izan ditu mendi magalak, eta egonkortzeko hainbat neurri hartu behar izan dira. «Horma hori ez da publikoa, eta jabearen ardura da zaintzea», azaldu du. Izan ere, Antiguo Berri promotora da lurren jabea.
Ikerlur enpresak azken 30 urtean mendi magalaren inguruko hainbat txosten geotekniko egin ditu, eta orain arte egin den azkena nabarmendu zuen Alkizak: «ETSk txostena eskatu zion enpresari metroaren lanekin hasi aurretik, eta txostenak dio Zarautz kaleko mendi magala ezegonkorra dela eta zartadurak dituela. Hori jakinda, larria iruditzen zait lanekin aurrera egitea erabaki izana».
Bizilagunekin bilera
Antiguako luiziak kalteturiko hainbat bizilagun joan ziren asteazkeneko ezohiko batzordera. Ez zieten hitz egiten utzi, baina Goia eurekin elkartu zen batzordea bukatzerakoan. Bileran bizilagunek euren kezkak azaldu zizkioten alkateari, eta udalak eskura duen informazioa helarazi diela esan zuen Goiak.