Buskers jaialdiko finala abenduaren 5ean izango da
Urriaren 10etik 13ra egin zuten Donostiako kaleko musikaren bigarren Buskers jaialdiko lehen fasea, eta Gabonetako azokan egingo dute finala, abenduaren 5ean. Gipuzkoako hogei bakarlarik edo duok hartu zuten parte lehen fase horretan, hiriko hainbat tabernatako terrazetan kontzertuak eskainiz.
Jaialdiko epaimahaiak horietako bost hautatu ditu, eta bakoitzak hiru abesti jotzeko aukera izango du finalean, gehienez hogei minutuko kontzertua emanez. Hauek dira jaialdiko finalistak: Bi Bemol ahots eta piano bikotea, Iker Gutierrez bakarlaria, Filipe Court bakarlaria, Maria Martinez bakarlaria eta Olaia Toral bakarlaria. Bestalde, lehenengo saria 1.200 eurokoa izango da, bigarrena 800 eurokoa eta hirugarrena 500 eurokoa. Epaimahai ofizialak emango ditu lehenengo biak, eta ostalariek emango dute hirugarrena; era berean, lehenengo bi sarien erdia Oiartzungo Rock Music dendan erabiltzeko txeke bat izango da. Honakoa izango da finalaren egunaren egitaraua:
- 19:00etan, ekitaldiaren hasiera.
- 19:10ean, Bi Bemolen aurkezpena eta kontzertua.
- 19:30ean, Iker Gutierrezen aurkezpena eta kontzertua.
- 19:50ean, Filipe Courten aurkezpena eta kontzertua.
- 20:10ean, Maria Martinezen aurkezpena eta kontzertua.
- 20:30ean, Olaia Toralen aurkezpena eta kontzertua.
- 20:50ean, sari banaketa.
- 21:00etan, ekitaldiaren amaiera.