Matigoxotegiko futbol zelaia zeharo hondatuta dago
Kostkas futbol elkarteak denbora darama udalari zelaiko belarra aldatzeko eskatzen. 2020eko aurrekontuetatik kanpo geratu da Egiako instalazioen berrikuntza.
Eskaera kalera ateratzea erabaki du Kostkas futbol elkarteak. Egiako Matigoxotegi futbol zelaiaren belar artifiziala zeharo hondatuta dago, eta urteak daramatzate Donostiako Udalari eskatzen berritzeko. Horregatik, hilaren 9an protesta bat egin zuten Matigoxotegin, eta 21ean Matigoxotegi noizko? lelopean elkarretaratzea egin zuten udaletxearen aurrean, hilabeteko udalbatzarra egiten ari ziren bitartean. Hurrengo protesta abenduaren 4rako iragarri dute. Egun horretan Gipuzkoako Kirolaren urteko gala egingo dute Tabakaleran, eta martxa bat antolatu dute. 17:30ean abiatuko dira futbol zelaitik, eta Tabakaleraraino joango dira.
Matigoxotegi udal jabetzakoa da, eta lehiaketa publiko baten bidez adjudikatzen da bere kudeaketa. Gaur egun, Kostkas kluba da arduraduna, eta lagapena 2023 urtean bukatuko zaio. Zelaiaren ardura hartu zutenetik belar artifiziala ez da aldatu. Zehazki, 2001ean berritu zen azkeneko aldiz.«Belar artifizialeko zelaiek 10 eta 12 urte bitarteko bizitza dute, eta Matigoxotegikoak 19 urte bete berri ditu», nabarmendu du Joseba Poyalesek, Kostkaseko presidenteak.
Bost urte daramatzate udalari eskatzen zelaia berritzeko. «Orain arte bide baketsua erabili dugu protesta egiteko, baina dagoeneko ez du balio. Izan ere, urtero esan digute zelaia berrituko dutela, baina gero ez dute hitza betetzen ». Gainera, duela hilabete jakin zuten 2020ko Donostia Kirolaken aurrekontuetatik kanpo geratu dela Matigoxotegiren berritze proiektua. Horren berri izan orduko bilera eskatu zioten Martin Ibabe Kirol zinegotziari, eta duela bi aste elkartu ziren berarekin. «Adierazi zigun dirurik ez zegoela gure zelaia berritzeko. Horrela ere pertsonalki konpromisoa hartu zuen zelaia berritzeko», azaldu du Poyalesek.
Ibaberekin harremanetan jarri da IRUTXULOKO HITZA, eta konpromiso hori berretsi du. «Egia da zelaia ez dagoela egoera onean. Hori konpontzeko lanean ari gara, eta finantziazioa lortzen dugunean, horri ekingo diogu. Espero dut lehenbailehen izatea». 2020rako Donostia Kirolakek beste inbertsio batzuk lehenetsi dituela gaineratu du. «Guztiek dute premia, baina dirua ez da mugagabea».
Gipuzkoako erabiliena
Kostkas, Aitor ikastola, Intxaurrondoko Inter eta Futbol 7ko torneoa dira Matigoxotegiren erabiltzaile propioak –600 inguru–. Ordea, astero zelaia bisitatzen duten taldeak aintzat hartuta 1.000tik gora dira zelaiaren erabiltzaileak. «Gipuzkoan gehien erabiltzen den zelaia da», azpimarratu du Poyalesek. Jokatzera etorri diren talde asko kexatu dira zelaiaren egoeraz. «Errazagoa da Matigoxotegin lesionatzea futbolean aritzea baino».
Une honetan zelaiaren mantenua bermatzeko baliabiderik ez du Kostkasek. Urtero udaletik 36.000 euro jasotzen dituzte zelaiaren mantenu eta kudeaketarako. «Zelaia egin zenean bere mantenua 250.000 euro ingurukoa zen», gogoratu du Poyalesek. Dirua nahikoa ez bada ere, zelaian hobekuntzak egiten ari dira. Javi Goñi zuzendaritzako kidea arduratzen da mantenuaz: «Udan 20 petatxu jarri genituen zelaian, eta gastuaren erdia ordaindu behar izan genuen; 9.000 euro inguru. Hilabete iraun zuten petatxuek». Horrez gain, hilaren 20an, zelaiaren inguruan zeuden porlanezko hesiak kendu zizkieten. «Oso arriskutsuak ziren».
Uda aurretik sinadurak biltzen hasi zen Kostkas kirol elkartea, eta 1.000 baino gehiago lortu zituzten. Dena dela, apalean gordetzea erabaki zuten hitza eman zietelako 2020rako zelaia berrituko zela. Orain, apaletik atera eta erabiltzeko asmoa dute. Era berean, beste bide batzuk aztertzen ari dira Matigoxotegi futbol zelaiari irtenbide bat emateko.