Etxegintza baremazio-sistemaren bidez hasiko da etxebizitzak adjudikatzen
Hilaren 10ean irekiko da epea Donostiako Etxegintzak alokairuko etxebizitza lortzeko eskaerak aurkezteko. Baremazio-sistemaren bidez adjudikatuko dituzte alokairuko etxebizitzak –zozketa bidezko sistema ordezkatuko du–, eta lehen aldiz, Txomiñeneko alokairuko 162 etxebizitzen adjudikazioan aplikatuko da.
Baremazio-sistemak segidakoak kontuan hartuko ditu: eskatzaile bakoitzaren diru-sarrerak, bizitoki bakoitzeko pertsona kopurua, etxebizitza eskatzaileak erregistroan daramatzan urteak edo hirian bizitzen daramatzan urteak, eta egoera bereziak.
Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak adierazi du, baremazio-sistemari esker banaketa justuagoa egin ahal izango dela. “Sistema bizia da, eta ondorioz, urtero eguneratzen joango da izena eman duten pertsonek baldintzak betetzen dituztela bermatzeko”.
Hilabeteko epea
Interesa dutenek urtarrilaren 10era bitarteko izango dute izena emateko aukera hemen. Donostiako Etxegintzako Eskatzaileen Erregistroan izena emanda dauden pertsonek posta elektroniko bat edo sakelako telefonoan SMS bat jasoko dute giltzarri eta esteka batekin.
Tramitea modu telematikoan egin ahal izango da, bai edozein ordenagailutik zein dispositibotik, bai lehengo ostegunean ireki zen Etxegintzako San Martzial 2 kaleko egoitza berrian jarri diren ordenagailuetatik.