'La trinchera infinita' eta 'Ventajas de viajar en tren' filmak Goya sarietan izango dira
Moriarti ekoiztetxeko Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren La trinchera infinita filma eta Aritz Moreno zuzendari donostiarraren Ventajas de viajar en tren Goya sarietarako izendatu dituela iragarri du gaur Espainiako Zinema Akademiak. Sari banaketarako gala Malagan egingo dute, urtarrilaren 25ean.
Hamabost izendapenekin, La trinchera infinita filma sarietako hautagai nagusienetako bat izango da, Alejandro Amenabarren Mientras dure la guerra (17 izendapen) eta Pedro Almodovarren Dolor y gloria (16 izendapen) filmekin batera. Besteak beste, Moriarti ekoiztetxearen lana film onenaren saria lortzeko hautagaietako bat da. Pelikulak garrantzizko sariak jaso zituen Donostiako Zinemaldian ere, hala nola gidoi onenaren saria eta zuzendari onenarena.
Morenoren Ventajas de viajar en tren filmak, berriz, lau izendapen jaso ditu, horien artean zuzendari berri onenarena. Lan hau zuzendari donostiarraren lehen film luzea da, eta 30. Fantasiazko eta Beldurrezko Astean estreinatu zuten Donostian.