Urketari baten eskultura jarriko du Union Artesanak Sarriegi plazan
Union Artesana elkarteak 150 urte beteko ditu 2020an, eta askotariko jarduerak antolatu dituzte urtean zehar egiteko. Besteak beste, urketari baten eskultura jarriko dute Sarriegi plazan, danbor-jolearen eskulturaren ondoan –hori ere Union Artesanakoa da–, hain justu. Elkartearena izan da bigarren eskultura jartzeko ideia, eta Donostiako Udalarekin lankidetzan egingo dute, Eibarko Alfa Arte tailerrean. Urketaria 2021eko urtarrilean jartzea da elkartearen eta udalaren asmoa, eta Bretxako lanen bukaerarekin bat egingo duenez, agian bi eskulturak lekuz aldatuko dituztela azaldu zuen Eneko Goia alkateak ostiraleko aurkezpenean. Lekualdaketa gauzatuz gero, inguru berean geldituko direla nabarmendu zuen Goiak, baina metro batzuk mugituta.
2020ko urtarrilaren 20tik 2021eko urtarrilaren 20ra ospatuko dute urteurrena, eta 2020ko danborradarako eta inauterietarako –bietako sortzaileak izan ziren– sorpresak iragarri dituzte. Era berean, elkartearen historia kontatzen duen ikus-entzunezko pieza bat sortu dute Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen laguntzarekin, baita ia liburu bat den egutegi bat ere; azken horren 100 ale jarriko dituzte salgai, 20 eurotan.
Maiatzean egingo duten afaria izan ezik, gainontzeko jarduera guztiak herritar guztiei irekiak izango dira, hala nola, Oscar Terol aktoreak martxoan Antzoki Zaharrean egingo duen antzezlana, elkartearen historian sakonduko duena. Su artifizialak ere botako dituzte elkarteko kideek, maiatzaren 16an, Zurriolako kai-muturretik. Horretaz gain, haurrekin argazki rallya egingo dute ekainean, Aste Nagusian, Estropadetan eta Zinemaldian parte hartuko dute, eta urrian jarduera gastronomiko batzuk egingo dituzte Martin Berasategi sukaldariarekin, besteak beste.