Olatz Salvador eta Telmo Trenorren arteko solasaldia, Bageraren abenduko egitarauan

Bagera euskaltzaleen elkarteak abendurako prestatu dituen jardueren berri eman du. Euskararen Nazioarteko Egunak eman dio hasiera hilabeteari, eta buru-belarri ibili dira elkartekoak euskararen egun handian. Besteak beste, Euskaraldiatik urtebete eta urtebete Euskaraldiarako egitasmoa eta Mintzodromoak egin dituzte San Telmo Museoan. Datozen asteetarako ere hainbat jarduera prestatu dituzte.
Bageraren Zineforuma
Bagerak zine-foruma jarri du martxan ikasturte honetan. Hilean behin, euskaraz sortutako, zein euskarara ekarritako lanak proiektatuko dituzte Koldo Mitxelena Kulturunean. Hilabete honetako emanaldia abenduaren 10ean, asteartean, izango da, 18:30ean. The Florida Project filma proiektatuko dute, eta solasaldian Zigor Etxebeste zinema kritikariak parte hartuko du. Aurkezle lanetan Ander Gisasola arituko da.
Bikografiak
Abenduko Bikografiak saioan Olatz Salvador eta Telmo Trenor musikariak izango dira protagonistak. Leire Palacios kazetariak gidatuko du solasaldia, eta abenduaren 18an, asteazkenean, izango da, 19:30etan. Ohi bezala, Tobacco Days liburu dendan (Tabakalera) izango da, eta parte hartzaileen biografien errepasoa izango da saioaren ardatza. Egitasmoaren helburua da bakoitzaren alde publiko eta ezagunaz gain, euren bizitzen inguruan solas egitea. Biografian hizkuntzekiko harremanak euren bizitzan izan duen bilakaerari arreta berezia eskainiko zaio, eta horretarako, anekdotak, gertaera xelebreak, bizipenak, eta abar azalduko dituzte. Elkarrizketa “informal” horien bidez, hizkuntzak herritarren bizitza pertsonaletan eta eguneroko bizitzan duten isla jarri nahi dute agerian.
‘Ber(ts)o erotiko festiboa’ saioa
Azken urteetan, “euskararen erabilera zabaltzeko asmoz”, elkarlan eta lankidetza eredu berriak lantzen ari da Bagera elkartea eragile desberdinekin. Kaixomaitia.eus euskaldunen harremanetarako interneteko gunearekin eta Groseko Pandora tabernarekin batera, hainbat egitasmo antolatu ditu elkarteak. Lehenengoa, abenduaren 19an, ostegunean, izango da, 20:00etan. Hain zuzen, Ber(ts)o erotiko festiboa saioa egingo dute, Kijera gaztetxeko, Añorgako eta Bagerako bertso eskolako kideekin.
Herritarrek parte hartzeko aukera izango dute, saiorako gaiak proposatuz. Horretarako, galdetegi bat sortu dute, eta parte hartzen dutenen artean, zozketa bat egingo dute saioaren egunean bertan.