Xabier Gaztelumendi donostiarrak jarriko dio txapela Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako irabazleari
Datorren larunbatean, hilaren 14an, egingo dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala, eta Xabier Gaztelumendi (Añorga, 1961) izango da irabazleari txapela jantziko diona. Bertsozale elkarteak azaldu duenez, “urte luzetan egindako lan isila aitortu eta eskertu nahi dio” horrela.
Izan ere, 2002tik borondatezko “inurri lan nekaezinean” ibili da Gaztelumendi, lehenengo zortzi urteetan diruzaina izan baitzen, eta hurrengo zortzi urteetan idazkaria. Urte horietan guztietan zehar, Zuzendaritza Batzordeko eta Batzorde Ttipiko kide izan da, eta eguneroko lanak eta gauza operatiboak kudeatu ditu Administrazio Kontseiluko langileekin.