Donostiako AHTaren geltokiaren lanak 2020ko apirilean hasiko dira
Eusko Jaurlaritzak lizitatutako obrek 97 milioi euroko aurrekontua dute, eta inbertsio osoa 101,5 milioi eurokoa izango da.
Donostiako Abiadura Handiko Tren geltokiaren lanak lizitatu ditu Eusko Jaurlaritzak. 97 milioi euroko aurrekontua dute, eta inbertsio osoa 101,5 milioi eurokoa izango da –biak BEZa barne–.
Lanak 42 hilabeteko epean egin beharko dira, eta 2020ko apirilean hastea aurreikusten dute. Iazko maiatzean Arantxa Tapia Ekonomia Garapen eta Azpiegitura sailburuak esan zuen lanak 2019a bukatu aurretik hasiko zirela. Aldiz, 2023rako bukatuta egotea espero dute.
Atotxako geltokia izango da EAEko hiru hiriburuetan eraikiko direnen artetik lehena. Gaur egungo geltokiaren egungo arkitekturan eta Tabakaleraren ingurunean integratuta egongo da. Aldi berean, hainbat garraiobideren arteko konexioa sustatuko du: aldirietako trena, AHTa eta autobusak.
Geltoki berrian aurreikusten diren lanak eta egokitzapenak ondorengoak dira:
- Tren-zabalgunea berritzea. Bukatzean, aldirietako trenetarako bi nasa (1. eta 2. trenbideak, bi muturretan) egokituko dira, hiru harirekin (zabalera iberikoa eta nazioartekoa) eta ibilbide luzeko nahiz abiadura handiko hiru nasa izango dira, UIC zabalerako lau trenbideri zerbitzu emango diotenak (3., 4., 5. eta 6. trenbideak), izango ditu.
- Geltokiaren eraikina berreraikitzea. Egungo eraikinaren toki berean egongo da, baina eraikina geltokiaren beharrizan funtzional berrietara egokituko da. Egungo eraikinaren fatxada mantenduko da, barruko aldea berreraikiko da eta beste bi solairu gehituko dira.
- Aldirietako trenen eta ibilbide luzeko trenen beheko atarteak, nasetara iristeko. Beheko solairuan egongo dira eta erabilgarriak izango dira bidaiarien kontrola egiteko eta nasetara iristeko. Ibilbide luzeko trenen atartean, merkataritza-gune bat eta etorkizuneko tren-operadoreentzako guneak egongo dira.
- Egiara iristeko beheko igarobidea. Aurreko bi atarteen artean egongo da. Hiriaren erdigunea eta Egia auzoa komunikatzeaz gain, beheko gune edo plaza horretatik bi atarteetara edo nasetara iritsi ahal izango da.
- Trenbideen gaineko plaza. Geltokiko trenbide-zabalgunearen gainean egongo da, eta zoladuraren kota bat etorriko da ondoan duen Tabakalera (KGNZ) eraikinaren lehen solairuaren kotarekin; horri esker, plaza publiko bat eraiki ahal izango da, kultura-eraikinetik zuzenean geltokira sartzeko. Trenbideen gaineko plaza horren azalera osoa 5.723 m2-koa izango da.
Zaharberritze garrantzitsu hori egiten den bitartean, trenen trafikoa mantendu beharko da, eta, aldi berean, erabiltzaileei zerbitzu egokia eman behar zaie. Horretarako, obrak exekutatu bitartean, behin-behineko geltoki bat eraikiko da egungo eraikinaren parean. Nestor Basterretxea plazatik sartuko da bertara.