Donostiako etxegabeentzako laguntza berezitu bat eskatu dute
Larunbatean elkarretaratzea egingo dute 19:00etan Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean, eta ondoren kanpaldia egingo dute, Arrats elkarteak, SOS Arrazakeriak eta Hiritarron Harrera Sareak deituta.
Arrats elkarteak, SOS Arrazakeriak eta Hiritarron Harrera Sareak hiriko etxegabeziari irtenbide bat emateko eskatu diote Donostiako Udalari. Hala nola, jantoki sozial iraunkor bat egokitzea eta udal aurrekontuetan etxegabeentzako diru zati berezitu bat aurreikustea.
Larunbatean, hilak 7, Etxegabeziaren Nazioarteko Eguna izango da eta mobilizazioak iragarri dituzte hiru eragile sozialek. Batetik, elkarretaratzea egingo dute 19:00etan Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean. Ondoren, kanpaldia egingo dute 20:00etan.
“Kaleak ez luke izan behar etxe inorentzat. Berdin dio zein jatorri, arraza, erlijio edo koloretakoa den. Ezta inorentzat ere. Etxerik gabeko pertsonak ez ditugu ikusi ere egiten, hain daude hurbil. Baina ehunka dira gure kaleetan lo egiten dutenak”, adierazi dute ohar baten bidez. Aterpeetan guztientzako lekurik ez dagoela salatu dute, eta dagoenean oso denbora mugatukoa izatea dela.
Caritasek EAEko probezia datuak argitaratu ditu, Foessa txostenekoak. 334.000 lagun daude gizartetik baztertuta, eta horietatik 90.000 egoera baztertuenean daude; hau da, gizartetik kanporatua. Horrekin batera, EAE estatuko desberdintausn handienak dituztenen artean dago. Eta Euskal Herrian, gizartetik baztertutako hamar lagunetik bat baizik ez da etorkina, EBtik kanpokoa.
“Gure erakundeek dituzten aurrekontuekin, onar al daiteke ez aurre egitea ehunka lagun horien egoera larri-larriari, kalean bizitzeari? Eusko Jaurlaritza, 11.774 milioi; Foru Aldundia, 915 milioi; Donostiako Udala, 432 milioi. Baliabiderik ez da falta, baina lehentasunak zein dira?”, salatu dute. Lehentasunak aldatzea eskatzen dute, eta behar diren baliabideak erabilgarri jar daitezela.