Ezin familiari uko egin
‘La hija del ladron’
Zuzendaria: Belen Funes
Urtea: 2019
Herrialdea: Espainia
Goya sarietarako film hautagaiak iragarri berri dituzte aste honetan. Tartean izan da La hija del ladron (2019) filma, bi izendapen lortuz: zuzendari berri onenenari eta emakumezko aktore onenari. Ez da harritzekoa, Belen Funesek helarazten digun drama sozial honek arrakasta handia lortu baitu zinemaldi guztietan. Aurtengo Donostiako Zinemaldian film onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen, besteak beste, eta, egun. Dardenne anaien zinemaren iruditegiko altxor hau ikusteko aukera dugu zinema guztietan.
Sara a la fuga (2015) film laburrari eman dio jarraipena Belen Funesek bere opera prima honetan. Baina, gizarte zerbitzuen etxe batean bizi zen nerabeak 22 urte egin berri ditu La hija del ladron (2019) filmean. Egun, Sara (protagonista) borrokan dabil lana aurkitu eta familia aurrera atera ahal izateko. Batetik, anai txikiari babesa eman eta hau espetxetik atera berri den aitarengandik aldentzen saiatuko da. eta, bestetik, jaio berri den haurra zaindu eta honen aitarekin familia berri bat osatzen ahaleginduko da. Bizitza arrunt bat, edozein neska arruntek daramana bezalakoa, besterik ez du nahi Sarak.
Tamalez, hori ez da hain erraza behe-auzo bateko familia desegituratu batean jaio, eta lapur baten alaba bazara. Azken finean, Sarak aitortzen duen bezala, ezin da inoiz norberaren familiatik ihes egin: «Zergatik ez duzu behingoz aita alde batera uzten?»; «Ezin dudalako, aurpegian daramat bere alaba naizela». Eta ezin honi uko egin, Sara (Greta Fernandez) eta Manuel (Eduard Fernandez) aita-alaba baitira, baita fikzioan, bai eta bizitza errealean ere.
Greta Fernandezen hitzetan «honek asko erraztu du lana» beraien arteko harreman estua uneoro antzeman daitekeelako, eta erraz imajinatu zitekeelako aitak alde batera utziko balu sentituko lukeen gorroto eta dezepzioa. Gainera, Eduard Fernandez (Mientras dure la guerra, Perfectos desconocidos, La ciudad eta Todas las mujeres) aktore ezin hobea bada, Gretak guztiz heredatu duen trebetasunak ustekabean harrapatu gaitu. Kamerak Sara atzetik jarraituko du pertsonaia konplexu honen nortasuna erakutsiz, indartsua eta ahula aldi berean. Normaltasun handiz bizi duen egoera prekarioari eta aitari ausardia handiz aurre egingo badio ere, txiki sentituko da bera gabe. Azken finean, familia familia da, momentu on eta txarretan.
Bartzelonako behe-auzo bateko istorio honen bidez, familiari eta bakardadeari buruzko gogoeta dakarkigu Belen Funesek. Film borobil bat sortu du, non fikzioak errealitatea islatuko duen, eraikitakoaren marka guztiak ezabatuz. Eta hunkigarria deritzot eskaini digun egoera prekario honetan diharduten pertsonaia guztien erretratu fidela, gupida alde batera utziz, ikusleak bere ondorioak atera ditzan. Horregatik, adi egongo gara Goya sarien ekitaldira urtarrilaren 25ean, dudarik gabe, sarien merezidun baita La hija del ladron.