Pisu turistikoen ordenantza Plan Orokorraren kontra doala dio epai batek
EH Bilduk erabilera turistikorako etxebizitzen inguruko epai baten berri eman du. “Zubieta kaleko pisu baten kasuak hankaz gora jarri du etxebizitza turistikoak legeztatzeko udal gobernuak eraikitako egitura juridiko guztia”, azaldu du Ricardo Burutaran zinegotziak. Hilaren 27an Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. zenbakiko epaitegiak ebatzitako epai baten arabera, pisu turistikoen ordenantzak ezin du Donostiako Hiriaren Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) kontra joan.
“Epaiaren ondoren, atea irekitzen da kaltetutako edozein partikularrek edo bizilagunen komunitate interesatuak errekurritzeko Plan Orokorra urratuz udalak emandako baimenak. Beraz, erabilera turistikoko pisuen ordenantzaren segurtasun juridikoa oso ahula da eta udalak erantzun bat eman behar du”, azpimarratu du Burutaranek.
Hori dela eta, Plan Orokorra betetzen ez duten pisu turistikoei baimen gehiago ez emateko eskatu dio EH Bilduk udal gobernuari. “Plan Orokorrak ezarritakoa bete gabe baimenak emateak ondare-erantzukizunak hartzea ekar dezake, eta horrek ondorio kaltegarriak izan ditzake udal ogasunean”.
Ordenantza berriaren aterkipean irekitako 800 etxebizitza turistikoei dagokienez, Plan Orokorra betetzen ez badute, emandako baimenak berrikusi daitezkeela esan du Burutaranek. “Horregatik, beharrezkoa da pisu turistikoen ordenantzaren erreforma abian jartzea, Plan Orokorrera egokitzeko. Eta ondorioz, erabilera turistikoko etxebizitzetarako baimen berriak ezin dira eman”.